Gazteria

Gazte Koordinadora Sozialista sortu da, "desjabetuon eta sozialismoaren defentsa egiteko"

"Gazte problematikaren auziari klase ikuspegitik erantzuteko" eratu dute Gazte Koordinadora Sozialista. Dozenaka gaztek egin dute aurkezpena Gasteizko Auzolana pilotalekuan.

Koordinadoraren aurkezpena, Gasteizko Auzolana pilotalekuan.
Koordinadoraren aurkezpena, Gasteizko Auzolana pilotalekuan. Gazte Koordinadora Sozialista.

Berria -

2019ko otsailak 18

"Dekadentzian eta ofentsiban dagoen gizarte burgesaren aurrean, desjabetuon eta sozialismoaren defentsa egitea dagokigu militanteoi. Gure bihotzak, diru zakarraren ordez, burkideon borondate eta grina iraultzailez elikatzen dira". Hitz horiekin aurkeztu dute Gazte Koordinadora Sozialista, Gasteizko Auzolana pilotalekuan egindako agerraldi batean. Dozenaka gazte elkartu ziren atzo koordinakunde berriaren sorrera jakinarazteko.

Azaldu dutenez, "gazte problematikaren auziari klase ikuspegitik erantzuteko" sortu dute koordinakundea: "Badakigulako gazte problematika ezin dela ebatzi klase problematika ebatzi gabe". Ikuspegi hori lantzeko, uste dute beharrezkoa dela "lan politikoa" egitea, eta baita "kultura eta ildo politiko sozialista" garatzea ere: "Geure burua defendatu eta indartzeko, klase elkartasunarekin batera langile boterea eraiki behar dugu".

"Miseria garaiak" eta "tendentzia sozialista"

Miseria garaian, borroka ehuntzen leloko pankarta bat atzean zutela egin dute agerraldia gazteek. Izan ere, gazteek azaldu dute itxaropenez bizi izan dutela, "basakeria kapitalista" ikusita, "azken urteetan indartuz doan tendentzia politiko sozialistaren garatzea"; besteak beste, gaztetxeen borrokak, ikasle mugimenduenak, "klase feminismoaren gorakada" eta "teoria iraultzailearen lanketa eta hedapena" aipatu dituzte adibide gisa.

"Gazte Koordinadora Sozialista errealitate horietatik jaio da", esan dute: "Adierazpen sozialista horien faltan ez ginateke hemen egongo. Eta gaur hemen GKS aurekzten bada, maila lokaleko adierazpen zein gaitasun sozialista horiek indartzeko baino ez da".