Autogobernua

Plataforma bat abian, herritarrek autogobernuari buruzko iritzia emateko

Eusko Legebiltzarrak telefono zenbaki bat, helbide bat eta webgune bat jarri ditu herritarren eskura, estatus politikoari buruzko iritzia eman dezaten.

Tejeria eta Berriozabal, webgunearen aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2019ko otsailaren 18a
07:44
Entzun

Autogobernua Eraikiz izeneko plataforma bat martxan jarri du Eusko Legebiltzarrak, etorkizunean Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak izan beharreko estatus politikoaren eztabaidari ekarpenak egiteko. Ekarpen horiek telefono bidez, digitalki edo ohiko postaz egin ahal izango dituzte herritarrek.

Beren iritzia telefono bidez eman nahi dutenek ahots mezu bat utzi beharko dute 945004253 telefono zenbakian, eta ohiko posta lehenesten dutenek Eusko Legebiltzarrera bidali beharko dute gutun bat, Becerro de Bengoa z/g helbidera. Horiez gain, webgune bat prestatu dute: www.autogobernua.eus.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak eta Jone Berriozabal Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeko koordinatzaileak eman dituzte Parte hartze bideei buruzko xehetasunak. Tejeriak gogorarazi duenez, Eusko Legebiltzarrak, iazko irailaren 12an, bere egin zituen autogobernu lantaldean onartutako oinarriak, eta bost adituri agindu zien oinarri horien araberako testu artikulatu bat prestatzeko.

Zeregin horretan ari dira jada, eta ekain ingururako amaitu beharko lukete beren lana. Era berean, lantaldeak adostu zuen herritarren parte hartzea ahalbidetzea estatutua eguneratzeko prozesuan. "Legebiltzarrak, agindu hori bete nahirik, bere eginbeharra zen baliabideak eta mekanismoak martxan jartzea", Tejeriak azaldu duenez.

Gaurtik, zabalik dago ekarpenak egiteko aukera: "Nahi eta ahal duen guztiak esan dezala egoki iruditzen zaiona printzipio eta oinarri horiekiko, beti ere errespetuz eta gaiari lotuta". Biltzen dituzten ekarpen guztiak testua artikulatua taxutzen ari diren adituei eta talde parlamentarioei igorriko dizkiete, eta testua bera aurkeztu arteko epea izango da horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.