Autogintza

Hondak baieztatu du Ingalaterrako fabrika itxiko duela

Dioenez, arrazoien artean ez dago brexit-a. Enpresa berregituratu behar duela dio Hondak, auto elektrikoen garaira moldatzeko.

Takahiro Hachigo Hondako presidentea, gaur, Tokion.
Takahiro Hachigo Hondako presidentea, gaur, Tokion. Frank Robichon / Efe

Iker Aranburu -

2019ko otsailak 19

2021. urtean itxiko du Hondak gaur egungo Europako Batasunean duen lantegi bakarra, Swindongoa (Ingalaterra). Urte horretan zen amaitzekoa Civic modeloaren gaur egungo bertsioa, eta hurrengoa beste leku batean egitea erabaki du Japoniako enpresak. Azken urteetan 150.000 auto egin dituzte han lan egiten duten 3.500 langileek. Nahiko kopuru apala da, fabrikak hori baino gaitasun handiagoa baitu. Landabenen, esaterako, hori halako bi auto egiten dituzte.

Lehen aldia da Hondak lantegi bat ixten duela 71 urteko historian, eta, gainera, ez da bakarra izango, Turkiako lantegia ere itxiko baitu. "Berregituraketa sakon" baten ondorioz egin duela justifikatu du Takahiro Hachido enpresako presidenteak. "Ez du zerikusirik brexit-arekin", gaineratu du. "Gure industriari eragiten dioten inoiz ikusi gabeko aldaketak ikusita, funtsezkoa da elektrifikazio estrategia bizkortzea, eta geure operazio globalak berregituratzea", azaldu du Jatsushi Inoue Hondako Europarako operazio zuzendariak.

Beste hitz batzuetan, auto elektrikoei garrantzi handiagoa emango diela Hondak, eta ekoizpena salmenta handiak dituen merkatuetan bildu nahi duela. Europa ez dago merkatu horien artean: iaz 130.000 auto saldu zituen Europako Batasunean (-%3), eta %0,9ko kuota baizik ez zuen lortu —Toyotak %4,8 du, eta Nissanek, %3,1—.

Edonola ere, brexit-ak eta Europako Batasunarekiko merkataritza harremanak ere zeresana izan dezakete Hondaren erabakietan. Hilaren 1ean sartu zen indarrean EBren eta Japoniaren arteko merkataritza librerako ituna, eta, haren bidez, desagertu egingo da Japoniatik inportatutako autoek EBn ordaintzen duten %10eko muga zerga.

Tarifa bat izan dezake, ordea, Ingalaterran ekoitzi eta EBn saldutako auto batek, baldin eta Erresuma Batua akordiorik gabe ateratzen bada batasunetik. Gainera, autogileek just in time ekoizpen eredua erabiltzen dute —osagaiak ekoizpen egunean bertan edo egun gutxi aurretik iristen dira muntatze lantegira—, eta, hortaz, ahalik eta muga irekienak derrigorrezko dituzte ongi funtzionatzeko.

Beste autogileen arazoak

Honda ez da Erresuma Batuko inbertsioak auzitan dituen Japoniako autogile bakarra. Duela aste batzuk, Nissanek jakinarazi zuen X-Trail modelo berria ez zuela Sunderlanden eraikiko (Ingalaterra), Kyushun baizik (Japonia).

Beste autogile batzuk ere ari dira neurriak hartzen. Urtarrilaren hasieran, Fordek iragarri zuen milaka langile botako zituela kostuak txikitzeko plan baten ondorioz. Prentsak argitaratutakoaren arabera, Bridgenden (Gales) milatik gora lanpostu gal daitezke erabaki horren ondorioz.

Brexit-ak ez ezik, diesel autoen salmenten beherakadak eta Txinako merkatuaren ahultzeak ere eraman dute Jaguar Land Rover iragartzera Ingalaterrako bere fabriketan 4.500 langile kaleratuko dituela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna