Aberri eguna

EH Bilduk eta EH Baik Iruñean eta Donibane Garazin egingo dituzte Aberri Eguneko ekitaldiak

Bi indar politikoek esan dute ospakizun "plural eta bateratua" egitea izango dela xedea aurrera begira ere. Euskal estatu independentea lortzeko estrategia nazionala aldarrikatu dute Anita Lopepek eta Jasone Agirrek.

Jasone Agirre eta Anita Lopepe, gaur, Donostian. JON URBE, FOKU
enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 19a
21:13
Entzun

EH Bilduk eta EH Baik Iruñean eta Donibane Garazin egingo dituzte Aberri Eguneko ekitaldiak, apirilaren 21ean, Anita Lopepek eta Jasone Agirrek EH Bilduren Donostiako egoitzan esan dutenez. 

Aurten ez du Aberri Eguneko ekitaldia antolatuko Independentistak sareak, ez baitu lortu deialdi "bateratua" egiterik, berak orain dela aste batzuk jakinarazi zuenez, eta EH Bilduk eta EH Baik eurenera deitzea erabaki dute. Aurreko urteetan sarearen deialdiarekin bat egin zuten. "Azken urteotan ez dugu deialdi propiorik egin, eta ospakizun plural eta bateratuak egiteko saiakerak babestu ditugu. Hala nola Independentistak sareak deituriko mobilizazioak. Tamalez, orain arte ez da lortu alderdi guztiak ez ezik herritar gehienak ere biltzea horrelako ospakizun batean.", adierazi dute Agirrek eta Lopepek. "Aurrera begira, gure jarrera eta konpromisoa bera izango da. Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu Aberri Egunaren ospakizuna bateratua izan dadin. Uste dugu Aberri Egunaren moldea eta ezaugarritzea berritu beharra dagoela, gaurkotu, zabaldu eta biziberritu beharra dagoela, herri gisako ospakizuna bilakatu nahi badugu".

EH Bilduk eta EH Baik berretsi dute Espainiako Estatua "inboluzio demokratikoan" dagoela, eta "eta horrek erabateko zentralizazioa du jomuga". Frantziako Estatuaren izaera "jakobinoa" ere deitoratu dute. Halaber, salatu dute bi estatuen "izaera autoritarioak neoliberalismoaren jarduera babestea" duela zio nagusia: teknokrazia, merkatuen boterea babestea, demokraziaren aztarnak deuseztatzea....

Horren aurrean, euskal estatu independentearen beharra azaldu dute Lopepek eta Agirrek, eta estrategia nazionala aldarrikatu dute. "Gure herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko, nazio estrategia baten barruan indarrak bildu eta elkarrekin aritzeko apustu sendoa berresten dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.