Turullek fiskaltzari ohartarazi dio prozesua indarkeriarekin lotzea "porrot ziurra" dela

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 19a
07:14
Entzun

Indarkeriarik ez zela izan, independentistak izateagatik auzipetu dituztela eta Kataluniako Gobernuak uneoro Espainiako Gobernuarekin adostasuna bilatu eta legedia errespetatu duela. Horiek izan dira Jordi Turullen defentsa argudio nagusiak Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako laugarren eguneko saioan. Goizean, Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatutzaren galderei erantzun die —uko egin dio herri akusazio gisa ari den Vox alderdiaren galderei erantzuteari—, eta, arratsaldean, defentsa abokatuenak erantzungo ditu, 16:00etatik aurrera. Goizeko saioan hainbat tentsio une izan dira Turullen eta Moreno fiskalaren artean. Gertakizunak nahastea eta prozesu subiranista indarkeriarekin lotzen saiatzea leporatu dio kontseilari ohiak fiskalari.

Turullek Morenori ohartarazi dio prozesu subiranista indarkeriarekin lotzeko saiakera oro "porrot ziurra" dela. Turullen esanetan, "kataluniarrak, independentistak izan ala ez, baketsuak dira". Kontseilari ohiak nabarmendu du gertakariek frogatzen dutela ez dela indarkerian oinarritutako inolako estrategiarik garatu Kataluniako Gobernuaren aldetik.

Fiskalak ardatz hartu du, Guardia Zibilaren txostenaren arabera, Josep Maria Jove Kataluniako Ekonomia idazkari nagusiaren agendan agertzen diren hainbat ohar. Horietan oinarrituta, Turulli galdetu dio Generalitateak ez al zuen aldebakarreko estrategiaren alde egitea erabaki eta Espainiako Gobernuarekin geroz eta konfrontazio maila altuagoa bilatu. Turullek ukatu egin du eta erantzun du uneoro eutsi diotela Madrilekin adostasuna bilatzeko aukerari. Etorkizunean ere elkarrizketaren aldeko apustuari eutsiko diola gaineratu du.

Moreno saiatu da aditzera ematen Generalitateak jakinaren gainean urratu zituela Auzitegi Konstituzionalak ezarritako debekuak. Baina Turullek ukatu egin du Kataluniako Gobernuak legedia urratu duenik. Azaldu duenez, Generalitateak urriaren 1eko erreferendumera deitu zuenean, "gobernuak aztertu behar izan zuen, besteak beste, Konstituzionalak zioena, bozkatzea ez dela delitua eta katalanei zin egindakoa bete behar" zuela. Turullen esanetan, erreferemdumera deitzeko dekretuak legea betetzen zuen, eta gogorarazi du erreferendumera deitzea despenalizatu egin zela 2005ean. "Erreferendum bat antolatzea ez da delitua". Urriaren 1eko galdeketara "euro publiko bat bera ere" ez zela bideratu ziurtatu du kontseilari ohiak.

Espainiako Konstituzioaren betetzearekin lotuta gaineratu du estatua ez zaiela berdin jazartzen herritar eta erakunde guztiei. "Konstituzionalista jantzia soinean eramateak sekulako mauka izan behar du, Konstituzioa nahi adina aldiz urratzea ahalbidetzen duelako. Aldiz, independentista bazara... Auto batengatik, eta ez ebazpen batengatik, urtebete daramat espetxean. Gero esaten digute ez gaituzela gure ideiengatik jazartzen". Turullek nabarmendu du Espainiako Gobernuak Konstituzionalaren 25 ebazpen dituela bete gabe.

Bestalde, Turullek fiskaltzari adierazi dio Kataluniako mugimendu independentista oker ulertzen duela. "Kataluniarrak ez dira artalde bat", zuzendu zaio. Kontseilari ohiak nabarmendu du prozesu subiranista ez dela alderdi jakin baten "burutazio" bat, kataluniako gizartearen "sentimendu sakon" bati erantzuten dion mugimendu bat baizik. "Mugimendu independentista behetik gorakoa da", ziurtatu du.

Independentzia adierazpenari buruz, Turullek adierazi du "kataluniarren gehiengo baten borondate politikoaren adierazpena" izan zela.

[youtube]https://youtu.be/lFUOs3lDjlg[/youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.