Indarkeria matxista

Sara Majarenasen alaba hiltzen saiatu zen gizona aske uztea erabaki du epaileak

Argudiatu du ikerketa "gehiegi" luzatzen ari zela erabaki hori hartzeko. Urruntze agindua jarri diote erasotzaileari, eta zaintzapean daude Majarenas eta haren alaba. BERRIAk jakin duenez, fiskaltzak eskatuta auzi saioa egingo dute bihar, eta erasotzailea espetxeratzeko eskatuko dute bai hark eta baita Majarenasen abokatuak ere.

Majarenasen alabaren alde duela bi urte egin zen mobilizazioetako bat. /
Majarenasen alabaren alde duela bi urte egin zen mobilizazioetako bat. / Jon Urbe/Foku

Berria -

2019ko otsailak 19

Duela bi urte, Sara Majarenasen alabari eraso zion aitak labanaz, eta, ondoren, gizonak bere burua entregatu zuen esanez haurra hil egin zuela. Larri, baina bizirik zen neska. Gizonezkoa preso sartu zuten, eta Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak) egon da joan den ostiralera arte. Orduan, epaileak hura aske uztea erabaki zuen, argudiatuta auzitegi medikuen txosten baten zain zeudela eta ikerketa "gehiegi" luzatua zela dagoeneko. Autoan argudiatzen du, era berean, behin-behineko espetxealdia "salbuespen neurria" dela, eta soilik ezarri beharko litzatekeela "objektiboki beharrezkoa" denean.

Erasotzailea aske uztea Majarenasentzat eta haren alabarentzat arriskutsua dela onartzen du epaileak autoan, eta urruntze agindua ezarri diote, baita EAEn sartzeko debekua ere. Aldi berean, egunero joan beharko du Guardia Zibilarenera sinatzera, eta epaileak eskatu die segurtasun indarrei berma dezatela auzipetuak baldintza guztiak betetzen dituela.

Majarenasi, berriz, zaintza telematikoa ezarri diote, eta alabaren eguneroko mugimenduen berri eman behar izan dio Ertzaintzari, haren segurtasuna berma dezaten.

Fiskaltzak eskatu du asteazkenerako egin dadila auzipetze autoa, ikerketa amaitutzat emanez. Auzitegiek ontzat eman dute eskaera, eta, beraz, bihar epaitegian deklaratu beharko du erasotzaileak. Epaiketa bera aurrerago egingo dute; ez dago oraindik horretarako datarik zehaztuta. Ordura arte erasotzaileak preso jarrai dezala eskatuko dute bai Majarenasen abokatuak eta baita fiskalak berak ere.

Iazko apirilean geratu zen aske Sara Majarenas, hamahiru urtez preso egon ostean. Haren bikotekide ohiak alabari eraso ostean, haren espetxealdia "malgutu" egin zuten, baina Madrilen jarraitu behar izan zuen. Haren egoera salatu zuten Euskal Herritik hainbat alderdi eta erakundek, eta baita aske utz zezatela eskatu ere. Azkenean, iazko apirilaren 8an geratu zen aske, eta orduan itzuli ahal izan zen etxera, Donostiara. Majarenasek egunkari honi aitortu zionez, oso gogorrak izan ziren kartzelako urteak.

EH Bildu: "Bigarren aldiz erasotuak"

EH Bilduk salatu duenez, epailearen erabakiak agerian utzi du "Espainiako Justiziak bi mailatako justizia" daukala indarrean: "Emakumeak eta erasotuak izan diren emakume eta adin txikikoak babestu beharrean, bigarren aldiz erasotzen dielako". Majarenasi eta haren alaba Izarri "elkartasun osoa" adierazi die EH Bilduk: "Beharrezkoa dela Sara eta Izarrek espetxean zein baldintza gogor bizi behar izan zituzten gogoratzea, Izarrek jasotako eraso bortitzaren ostean".