Prostituzioaren abolizioa defendatu du Espainiako Kongresuak

Aurrera atera da PSOEk aurkeztutako legez besteko proposamena. Oposizioko taldeek kritika egin arren, inork ez du proposamenaren aurka bozkatu.

Adriana Lastra PSOEren bozeramailea, gaur, Espainiako Kongresuan.
Adriana Lastra PSOEren bozeramailea, gaur, Espainiako Kongresuan. J.P.Gandul / efe

Hodei Iruretagoiena -

2019ko otsailak 19

"Prostituzioa eta emakume eta haurren salerosketa abolitzeko legez besteko proposamena" onartu du gaur Espainiako Kongresuak. PSOEk aurkeztu du proposamena, eta legez bestekoa izanik, ez du aldaketa zehatzik ekarriko legedian. Gainerako alderdiek kritikatu egin dute sozialisten jarrera, proposamena apirilaren 28ko hauteskundeen atarian eraman dutelako Kongresura, baina inork ez du aurkako botorik eman. 110 abstentzio izan dira, eta aldeko 231 boto. Izan ere, alderdiek bazuten akordio bat emakumeen eta haurren salerosketaren aurkako lege bat ateratzeko.

Adriana Lastra bozeramaileak azaldu duenez, denbora gehiagorekin prestatu nahi zuten lege proposamen bat, baina hauteskundeak aurreratu ondoren, proposamen propioa eramatea erabaki du PSOEk. Unidos Podemosek eta Ciudadanosek zuzenketa bana aurkeztu dute, indarra salerosketaren gaian jarrita, baina Lastrak jakinarazi du ez zutela zuzenketarik onartuko: "Salerosketaren kausa prostituzioa da".

Ildo horretatik argudiatu du Lastrak PSOEren legez besteko proposamena: "Badakigu ñabardurak daudela gaiaren inguruan. Baina PSOEren jarrera da prostituzioa dela salerosketa dakarren kausa. Ezin izango dugu hori aldatu bezalako esaldiek ez dute balio argudio modura".

"Feminismoa erabiltzea" egotzi dio Podemosek PSOEri

Unidos Podemoseko bozeramaile Sofia Castañonek "feminismoa erabiltzea" egotzi dio PSOEri: "Proposamen honek soilik balio du herritarrei erakusteko zerbait egiten ari garela, egingo ez duguna". Ciudadanoseko Patricia Reyesek, aldiz, "ustezko feminismo lezioak" ematea egotzi dio Lastari: "Feminista asko gaude zuek bezala pentsatzen ez dugunak. Debekatzea ez da guztiarentzako konponbidea; bagaude emakumeak ezinezkoa dela pentsatzen dugunak, eta askatasuna defendatzen dugunak".