auzitegiak

Dagoeneko irmoa da Europak 'Bateragune auziaz' emandako epaia

Espainiako Estatuak ez du helegitea aurkeztu. Estrasburgok azaroaren ebatzi zuen bost zigortuek ez zutela bidezko epaiketarik izan. Defentsari aukera bat zabaldu zaio Gorenean berraztertze helegitea aurkezteko.

Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez, 2017ko abuztuan, Diez libre geratu zenean. ARITZ LOIOLA, FOKU
2019ko otsailaren 20a
16:06
Entzun

Espainiako Estatuak ez du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Bateragune auziaz emandako epaiaren kontrako helegitea aurkeztu, eta, ondorioz, sententzia irmoa da. Hala, defentsari aukera bat zabaldu zaio Espainiako Auzitegi Gorenean berraztertze helegitea aurkezteko. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto zigortu zituzten auzian, jada beteta dituzte kartzela zigorrak eta kalean dira, baina Otegik oraindik badu inhabilitazioa eta horri buruzkoa argitu daiteke berraztertze helegitearen bidez.

Estrasburgoko auzitegiak iazko azaroaren 6an eman zuen epaia: arrazoi eman zien auzipetuei, eta ebatzi Espainiako Estatuak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu zuela. Magistratuek ondorioztatu zuten ezker abertzaleko bost kideek ez zutela bidezko epaiketarik izan, horiek epaitu eta zigortu zituen Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaimahaiburua ez zelako "inpartziala". Estatuak hiru hilabeteko epea zuen Europan helegitea aurkezteko.

Auzitegi Nazionalak 2011n hamarna urteko kartzela zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi; zortzinakoa Zabaletari, Rodriguezi eta Jacintori. ETAko kideak izatea leporatu zieten; estrategia berria aurrera eramateko haren aginduetara ari zirela zioen epaiak. Gorenak, 2012an, sei urte eta erdira jaitsi zien kondena Otegiri eta Diezi; seira besteei. Otegik 2021eko otsailera arteko inhabilitazioa du. Beste bide bat izanik, Auzitegi Konstituzionalak iazko abenduan tramiterako onartu zuen Iñigo Iruin abokatuak inhabilitazioaren aurka aurkeztutako babes helegitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.