KULTUR PROIEKTUAK

‘Batera’ kultur proiektuak bi lan saritu ditu Gasteizen

Estibaliz Agirre eta Kauldi Iriondo gazteek jaso dute kultur proiektuak eskainitako diru-laguntza, Oihaneder Euskararen Etxearen eta Gauekoak elkartearen eskutik, Gasteizen. Orain, proiektuak gauzatzeko, finantzaketa kolektiboa abiatu dute.

Batera kultur proiektuko sarituen aurkezpena. OIHANEDER EUSKARAREN ETXEA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko otsailaren 20a
17:06
Entzun

Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Elkarteen Federazioak abiatu zuten Batera kultur proiektua iazko irailean. Helburu du Gasteizko 16-30 urte arteko gazteek kultur proiektuak martxan jartzea, euskaraz. Hala, gaur eman dute sarituen berri. Estibaliz Agirre eta Kauldi Iriondo gazteak saritu dituzte, eta aurkeztutako lan bakoitzeko, 1.000 euroko diru-laguntzaz gain, finantzaketa kolektiboa jarri dute martxan. Gaur hasi eta berrogei egun bitarte, diru ekarpena egiteko aukera egongo da, Itsulapikoa.eus webgunearen bitartez.

Paperbizi, Gasteizko begirada anitzen arte-liburua da Agirrek aurkeztutako lana. Haren esanetan, ekimen parte-hartzailea izango da, argazkilaritza, marrazkigintza eta euskara lotuko dituena. “Parte hartzen duten guztien argazki, marrazki eta testuekin Gasteizko pertsona desberdinen leku kuttunak eta hiriarekiko ikuspuntuak biltzen dituen arte-liburu bat osatuko dut”. Agirrek azaldu du parte hartzaile bakoitzari, hirian “aztarna pertsonala” uzteko aukera eskaini nahi diola. Iriondoren lana, berriz, argazkilaritzan oinarrituko da. Euskaldun berriak? izenpean, argazki erreportaje batekin erakusketa bat prestatuko du ekainerako. Hark esan du gazteria etengabe berritzen ari dela, eta ondorioz, “euskaldun berriak” sortzen direla. Nabarmendu du gazteria, herria eta hizkuntza izango dituela oinarri proiektuak: “Hirietako zein herri txikietako euskarari eta euskaldunen ahotsei irudia ematea da nire helburua”.

Egitasmoak lehen urtea du, halere, antolatzaileek jakinarazi dute datorren ikasturtean ere gustatuko litzaiekeela proiektua martxan jartzea. Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxeko kideak esan du gazteek buruan dituzten ideiak garatzeko aukera izango dutela. “Aurten bi proiektu jarri dira martxan, baina, ea hurrengo urteetan gehiago sustatzeko aukera dugun”, gaineratu du Lazkanok. Bien bitartean, sarituei laguntzeko martxan da finantzaketa kolektiboa. Emandako pausuen berri sare sozialen bitartez emango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.