POLIZIA

Erne kexu agertu da, ertzainen auto berriak txikiegiak direla-eta

Ertzaintzako buruek, ahal balitz, auto horiek ez erabiltzeko eskatu diete agenterik garaienei. Lesioak saihesteko, beroketak egiteko eta ordu erdiz behin autotik irteteko gomendatu diete.

Roberto Seijoo Erneren bozeramailea, autoen inguruko bideo batean. ERNE.
2019ko otsailaren 20a
16:32
Entzun

150 auto berri erosi ditu Ertzaintzak, baina ertzainak ez daude oso konforme, antza. Agenterik garaienek autoetara sartzeko eta irteteko zailtasunak dituztela salatu Erne sindikatuak. Auto modelo txikiegia da, nonbait, garaiera handieneko poliziak eta haien tresneria guztia eroso sartzeko. Besteak beste, aintzat hartzekoa da auto batzuetan aurreko eta atzeko aldeak bereizteko pantailak dituztela atxilotuak eramateko, eta horrek ere leku gutxiago uzten duela aurreko aldean.

Osasun eta prebentzio sailak txosten bat eskatu zien Ertzaintzako buruei, eta haiek gida bat pasatu dietela azaldu du Erneren bozeramaile Roberto Seijook, bideo batean: "Proposatu digute beroketak egiteko lanean hasi baino lehen. Broma dirudi baina, egia esan, tristea da. Amaitu ondoren, luzaketak egiteko esan digute, lesioak saihesteko".

Autoek "barne espazioa txikiegia" dutela ageri da txosten horretan, eta Ertzaintzako buruek zenbait aholku eman dizkiete poliziei. Ahal balitz, agenterik garaienei auto horiek ez erabiltzeko eskatu diete. Agenteen osaera fisikoaren arabera, patruilatzeko autoak aukeran ematea aurreikusi dute. Gainerakoan, luzaketak eta beroketak egiteko gomendatzeaz gain, "geldialdi aktiboak" egiteko ere eskatu diete ertzainei; hau da, ez gidatzeko hogei edo hogeita hamar minutu baino gehiagoz jarraian, eta noizean behin autotik irteteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.