Gazteria

GKSk ohartarazi du faltsuak direla bere izenean dauden sare sozialetako kontuak

Gazte Koordinadora Sozialistak argitu du sare sozialetan ez daukala kontu propiorik, eta "interes politikoei jarraituz egin den joku zikina" salatu du.

GKSren aurkezpena, joan den igandean, Gasteizko Auzolana pilotalekuan. GEDAR LANGILE KAZETA.
2019ko otsailaren 20a
17:22
Entzun

Gedar Langile Kazetak jakinarazi duenez, Gazte Koordinadora Sozialistak ez dauka sare sozialetan kontu propiorik. Igandean eman zuen Gedarrek GKSren sorreraren berri, kazetaren webgunean ohar bat eta bideo bat argitaratuta. Astelehenerako, gutxienez lauzpabost kontu faltsu sortuak ziren, esaterako, Twitterren: @GSozialista, @GK_Sozialista, @GOfiziala, @GazteGedar...

Mezu nahasgarriak eman dituzte kontu horietan. Halakoak, adibidez: "Bai argi diogu, gu ez gara abertzalea, ez independentista, gu sozialiastak gara, benetakoak. Ez zaigu España gustatzen, baina Iberiar Penintsulako proletargoa elkartzea ezinbestekoa da euskal burgesiarekin amaitzeko". Ohar bidez, hala ohartarazi du, ordea, GKSk: "Argi adierazi nahi dugu egun hauetan gure izenean sortu diren sare sozialetako kontu guztiak faltsuak direla".

"Kalean ikusiko dugu elkar"

Zehaztu dutenez, Gedar Langile Kazetaren bidez emango dute oraingoz beraien jardunaren zein "martxan jarriko dituen bide komunikatiboen gaineko informazioa" —@GedarLangileKZ da kontu ofiziala—. Argi utzi nahi izan dute, beraz, kontu faltsu horiek diotena ez dela GKSren mezua: "Mezu horiek ez daukate sinesgarritasunik ezta baliotasunik ere". Erantsi dute, gainera, "prozedura posible guztiak" hasiko dituztela kontu faltsu guztiak ezabatzeko.

Gainera, kontu horien atzean "interes politikoei jarraituz egin den joku zikina" dagoela salatu dute: "Kezkagarria iruditzen zaigu GKSren sorreraren aurrean hura erasotzeko egon den borondate politikoa eta honen aurka egiteko aukeratu diren moduak. Kalean ikusiko dugu elkar".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.