Kataluniako prozesu subiranistari epaiketa

Meritxell Borras: "Gehiengoaren mandatu demokratikoa zen erreferenduma"

Erreferendumera deitzeko dekretua "borondate politiko baten isla" zela azaldu du Kataluniako Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza kontseilari kargugabetuak: "Baina konpromisoa zegoen diru publikorik ez erabiltzeko".

Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 20a
12:16
Entzun

Fiskalaren galderei erantzunez, Meritxell Borras Kataluniako Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza kontseilari kargugabetuak nabarmendu du gehiengoaren mandatua izan zela erreferendumera deitzea: "Batetik, Kataluniako Parlametuko gehiengo osoz egindako mandatua zegoen, demokratikoki hautatua izan zen harena, inoizko parte hartze handienarekin. Gehiengo horrek erreferendum bat egiteko eskatu zigun, eta horri erantsi dakizkioke ehunka udalen eskaerak, manifestazio baketsuak...".

Auzitegi Konstituzionalaren sententziaren ondoren zerbitzu juridikoei txosten bat eskatu zietela azaldu du Borrasek, eta gobernuak Auzitegi Konstituzionalari eskatu ziola argitzeko ea egiten ari zirena legezkoa zen. Erreferendumerako deialdiaren dekretua sinatu zutenean hura "borondate politiko baten isla" zela azaldu du: "Baina konpromisoa zegoen diru publikorik ez erabiltzeko [...] Adostu zen erreferendumera deitzea, eta dekretua sinatu zen. Baina gehiago zen gobernuaren konpromiso irudia erakusteko modua, eta ez diru publikoa gastatzekoa".

"Imajinatzen duzu auzitegi honetan epaiketa bat egitea, auzitegia itxi ondoren?", galdetu dio fiskalan momentu batean. Moztu egin dio epaileak, eta "imajinaezina da", esan du fiskalak. Epaileak segidan: "Horregatik. Jarraitu galderekin".

Rosa Maria Seoane estatuaren abokatua, berriz, botopaperak nondik atera ziren ba ote zekien galdezka aritu zaio Borrasi, eta hautesle erroldari buruzko informazioa gobernutik atera ote zen. Borrasek ukatu egin du halakorik egin izana.

Borrasen defentsako abokatuek dokumentu bat erakutsi dute. Zerrenda bat da, eta Borrasek azaldu du hor ageri direla bere departamentuko ordainketa guztiak. "Ziur nengoen, baina guztiak begiratu ditut berriz ere, eta ez dago bakar bat ere erreferendumarekin lotura duela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.