Sanchez: "Legeek ezin dute demokrazia ito"

Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak deklaratu du gaur. Zaragoza fiskala 2017ko irailaren 20ko protestaren eta indarkeriaren arteko lotura egiten saiatu da, baina Sanchezek mobilizazio baketsua izan zela nabarmendu du, eta operatibo judiziala aparteko eragozpenik gabe egin zela gaineratu du. Asteartean jarraituko du epaiketak, Cuixarten eta Forcadellen deklarazioekin.

Berria -

2019ko otsailak 21

"Preso politiko bat naiz, eta hau epaiketa politiko bat da". Hasieratik argi utzi du Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak Auzitegi Gorena ideiengatik epaitzen ari zaionaren ustea. Hortik aurrera, gai berari buruz galdetu dio Javier Zaragoza fiskalak, bi ordu baino gehiago iraun duen deklarazioan: 2017ko irailaren 20ko protesta. Egun horretan, polizia operazioa egin zuen Guardia Zibilak Kataluniako Gobernuko Ekonomia kontseilaritzaren egoitzan, eta ANCk eta Omniumek elkarretaratzea deitu zuten egoitzaren inguruetan. Guardia Zibilak hamabost lagun atxilotu zituen erreferenduma prestatzea egotzita. Sanchezek salatu du Fiskaltza protesta baketsua izan zena kriminalizatzen ahalegindu dela akusazio idatzian. Ahalegin horren isla izan dira fiskalaren galderak. Sanchezek, berriz, guztiz ukatu du irailaren 20ko protesta "erasoa" izan zenik, eta nabarmendu du manifestariek ez zutela oztopatu operatibo judizialaren jarduna.

Fiskalak Sanchezi galdetu dio zein neurri hartu zituen protesta egiten ari zen inguruan segurtasuna bermatzeko. Sanchezek argitu du segurtasuna bermatzea ez zela bere ardura, Poliziarena baizik. Gaineratu du Guardia Zibilak eta mossoek elkarlana eskatu ziotela, Generalitatearen Ekonomia kontseilaritzako egoitzaren kanpoaldean segurtasun kordoi bat osatzeko, operatibo judizialean egoitzara sartu-irtenean ibili behar zutenentzako bidea irekitze aldera. ANCk boluntarioekin osatu zuen kordoia.

Sanchezek nabarmendu duenez, eragozpenik gabe egin zuten lan epailearen aginduz operatiboan ari ziren guardia zibilak eta bestelako profesionalak. Idazkari judizialak egoitzatik irteteko barruko patio bat zeharkatu eta beste erakin bateko irteera erabili zuela gogorarazi dio fiskalak Sanchezi. ANCko presidente ohiak argitu du idazkariak ez zuela boluntarioek osatutako kordoia erabili nahi izan, ez ziolako segurtasun berme nahikorik ikusten; baina nabarmendu du, operatiboak iraun zuen artean, dozenaka pertsona ibili zirela atzera-aurrera aparteko oztoporik gabe.

Elkarretaratzea gauerdira artekoa izatea aurreikusita zegoen, baina ANCk eta Omniumek lehenago desegin zuten, Poliziak hala eskatuta. Protesta zergatik ez zuen lehenago bertan behera utzi galdetu dio fiskaltzak. Sanchezen arabera, operatiboko kideek erregistroak egiteko "erraztasunak" izan zituzten eta epaileek "normaltasunez" egin zuten euren lana. Lamela epaileari horrela aitortu ziotela gogoratu du. Operatiboa 23:00ak inguruan amaitu zela gaineratu du. Horrenbestez, ez zegoen manifestazio eskubidea mugatzeko arrazoirik, Sanchezen iritziz.

Liskarrik izan al zen galdetuta, Sanchezek baietz erantzun du, baina gutxi batzuk eragindakoak izan zirela eta horiek goizaldean gertatu zirela, elkarretaratzea desegin ondorenean. Haren esanetan, 40.000-60.000 lagun inguruko mobilizazioa izan zela hartu behar da kontuan.

Asteartean jarraituko du

Carme Forcadellen eta Jordi Cuixarten deklarazioak heldu den asteartera gibelatu ditu Manuel Marchena epaileak, hilaren 26ra, 09:30ra. Egun horretan hastekoak dira deklaratzen lekukoak. Bertzeak bertze, Mariano Rajoy Espainiako presidente ohia, Artur Mas Kataluniako presidente ohia, eta Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea daude deituta. Marchenak erran du lekukoen agerraldiak kronologikoki gibelatuko dtuztela, eta "behar izanez gero", martxoaren 1aren goizean ere saio bat eginen dutela. Martxoaren 1a ortzirala da, eta berez ez da saiorik izaten ortziraletan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna