Talka gaztetxea

Gasteizko Talka gune feminista hustu eta bi pertsona atxilotu dituzte

Eraikinaren kanpoan bildutakoen aurkako jo du Udaltzaingoak, eta hainbat lagun identifikatu ditu. Talkako kideek salatu dute epailearen agindurik gabe sartu direla eraikinera. Elkarretaratzera deitu dute 20:00etarako.

Talka gune feminista okupatua hustu du Gasteizko Udaltzaingoak. IHANA IRIONDO
arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 21a
07:21
Entzun

11:00 inguruan heldu da Udaltzaingoa Gasteizko Alaba Belasko jauregira. Iazko abenduaren 18an okupatu zuen jauregia emakume talde batek, Talka proiektu feminista sortzeko. Haiek eman dute, goizean, hustearen abisua, Twitter bidez.

Jauregiaren jabearekin eta sarrailagintza enpresa bateko langile batekin joan dira bertara udaltzainak, eta minutu gutxiren buruan hustu dute jauregia. Segurtasun indarrek hamar bat minutu eman dizkiete gazteei barruan zituzten gauzak ateratzeko. Bitartean, gaztetxeko kideek deituta, hainbat emakume bildu dira eraikinaren kanpoaldean. Udaltzaingoak indarrez sakabanatu ditu, eta pertsona bat atxilotu du.

Kanpoan protestan ari ziren bitartean, emakume batek eraiknaren barruan jarraitzen zuen. Azkenean, Udaltzaingoak lortu du atea zabaldu eta barruan zegoen kidea ateratzea. Atxilo eraman dute hura ere. Bi atxilotuak aske utzi dituzte iluntzean.

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak alde egin dutenean, bilera informatiboa egin dute Talkako kideek, eta salatu dute epailearen agindurik gabe sartu direla eraikinera. Arratsalderako batzarretara deitu dute, eta mobilizazioei erne egoteko eskatu dute.

Gasteiz Hoy hedabideari Udaltzaingoak berak aitortu dionez, ez zuten agindurik, haien esanetan, gaurkoa ez delako hutsarazte bat izan; eraikinaren jabea joan da serraila aldatzera, eraikina hutsik zegoelakoan, eta hura babestera joan dira udaltzainak. Emakume bat barruan zegoen, ordea, eta atxilotuta eraman dute. Judizialki, garrantzitsua izan daiteke hori, eraikinaren jabearen ekinbidearen legezkotasuna ebazteko.

Lehen ere sartu ziren

Ez da lehen aldia Udaltzaingoa jauregira joaten dela hura ixteko asmoz. Joan den urtarrilean ere bertaratu ziren. Ordu hartan, lorategira ematen duen atetik sartzen saiatu ziren, baina epailearen agindurik gabe.

Gerora udalak berak azaldu zuenez, aurretik epaitegiek agindua zuten jauregi barruan zeudenak identifikatzeko, eta helburu horrekin sartu ziren segurtasun indarrak eraikinera. Baina, gazteek eurek salatu dutenez, lehen aldiz sartu zirenean bertan identifkatu zituen Udaltzaingoak bertan zeudenak. 

Gasteizko Alde Zaharrean abandonatuta dauden eraikin historikoetako bat da Alaba Belasko jauregia. Hiriburuko ehun feminista inguruk okupatu egin zuten abenduaren 15ean, eta gune autogestionatu ez-misto bat eratzen hasi ziren.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.