Eraikuntza

Etxebizitza berrien eraikuntza %14 handitu da 2018an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Lan publikoa %13 apaldu da hiru lurraldeetan Ascobi eraikuntzako patronalaren arabera, eta %48 hazi da Bizkaian

jarraia163135.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko otsailaren 21a
17:16
Entzun

Zortzi urte inguru dira Ascobi eraikuntza patronalak sektorearen inguruko irakurketa positiborik egiten ez zuela. 2017an berreskurapenerako lehen zantzuak sumatzen hasi ziren, baina iazko datuekin berretsi ahal izan dute sektorea bogan dagoela berriz. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxe berrien eraikuntza %14 hazi zen 2018an, eta 5.736 etxebizitza egiten hasi ziren. Gorakada hori apala izan dela azaldu du Iñaki Urresti patronaleko idazkari nagusiak. “Oraindik 1.000 biztanleko bi etxebizitzen ekoizpenarekin jarraitzen dugu”. Egoerari buelta emateko etxebizitza beharrari erantzungo dion politikak eskatu ditu: “Sustatzeko neurriak eskatzen ditugu: egungo beharretara egokitzeko zorua erreserbatzea, edo babeseko etxebizitzen gehienezko prezioak benetako gastuei egokitzea, bederatzi urtez izoztuta baitaude”.

Eskaera zuzen horiek eginda ere, hiru lurraldeetan lanpostu kopurua %3,8 hazi dela ere azaldu du Ascobiko arduradunak, eta iaz 49.600 langile zeuden beharrean. Krisi garaitik lanpostu erdiak galdu ditu sektorean, eta horregatik garrantzia eman goranzko joera horri. Egoeraren inguruan baikor hitz egin du Urrestik: “Eraikuntza sektoreak berreskurapen zantzuak eskaintzen ditu alor guztietan: eraikuntza, zaharberritzea, lan publikoa eta pribatua”.

Lan publikoak behera egin zuen iaz, ordea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. %13 jaitsi zen lizitatutako lan kopurua, “baina 2017an ezohiko lan publiko poltsa bat egon zen estatuko erakundeetatik”. Iaz halakorik ez zen egon, eta hortik beherakada. Baina Bizkaian %48 egin zuen gora lan publikoen zenbatekoak. Udalen eta aldundiaren eskutik iritsi da igoera hori, batez ere. Hala ere, eskaera bat egin du: “Lan publikoen gorakada horrek eragina izan behar du kontratazio baldintzak hobetzearekin”.

Langile kualifikatu falta

Lanpostu berriak sortu dira eraikuntza sektorean, baina egun enpresek eskulan kualifikatua topatzeko zailtasuna dutela azaldu du Urrestik. “Lanpostuen erdia galdu dugu krisi garaian, eta orduan langile horiek beste sektore batzuetan topatu dute lana”. Industriara joan dira asko, adibidez. Bada, orain, eraikuntza sektorean lana sortzen ari den garaian, eskulan kualifikatu hori topatzea kostatzen ari zaie enpresei.

Eta hain zuzen, kualifikatu gutxiago egotearen eraginez, “laneko istripuek gora egin ahal izan dute”. Faktore horri egotzi dio patronaleko idazkari nagusiak eraikuntzan ezbeharrek izan duten bilakaera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zazpi langile hil ziren iaz, eta 2017 bost izan ziren, %40 gehiago; istripu larrien kasuan bestalde, 27 ezbehar izan ziren iaz, eta 24 duela bi urte, %13 gehiago. “Lan gehiago egoteak eragina izan dezake kasu honetan, baina baita langile kualifikatuak topatzeko zailtasunak ere”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.