Vila: "Soka tenkatu nahi genuen, baina apurtu gabe"

2019ko otsailaren 21a
13:18
Entzun

Santi Vila Kataluniako Kultura kontseilari ohiaren deklarazioak eman dio hasiera Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketaren seigarren saioari. Vilak dimisioa arkeztu zion, 2017ko urriaren 26an, Carles Puigdemont orduko presidenteari. Dimisio horren arrazoiak azaldu ditu Fiskaltzaren galderei erantzuteko txandan. Vilaren esanetan, urriaren 1eko galdeketaren ostean, independentismoan erreferendumaren emaitzak ulertzezko bi joera nagusi bereizi ziren: emaitzei balio loteslea ematen ziena eta mobilizazio garrantzitsu gisa ulertu zutenena, baina parte hartu ez zuten herritarren kopurua ere esanguratsua zela nabarmentzen zutenena.

Vilak bigarren joerarekin egin zuen bat. Kataluniako Gobernuak "herritar guztien" gobernua izan behar zuela defendatu zuen.

Erreferendumaren ondorengo egunetan, Kataluniako Gobernuaren eta Espainiako hainbat arlotako kideen arteko elkarrizketa izan zela adierazi du kontseilari ohiak. "Hurbilketa bat hasi zen solaskide politikoekin, solaskide erlijiosoekin, enpresa munduko solaskideekin, erakundeetako solaskideekin... Fede onez, zentzugabekeria eragotzi nahi zuten". Vilak gaineratu du 2017ko urriaren 25ean adostasuna lortu zutela, baina kanpoko presioak eta eragileen arteko konfiantza faltak zapuztu zuela akordioa gauzatzea hurrengo egunean. Horrenbeste, dimititzea erabaki zuela azaldu du.

Vilak Kataluniako auziaren kudeaketa deitoratu du. Gauzak beste modu batera egin behar zirela uste du. Kritikoa eta autokritikoa dela aitortu du, baina, erantzukizuna denena dela zehaztu du: Kataluniako Generalitatearena eta Espainiako Gobernuarena.

Bestalde, erreferendum legeari buruz galdetu dio fiskalak Vilari. Kontseilari ohiaren esanetan, Auzitegi Konstituzionalak erreferendumaren kontrako ebazpena argitaratu ondoren, urriaren 1eko galdeketa erreferendum gisa ulertzeari utzi zion. Urriaren 1ekoa "mobilizazio handi bat" izan zela adierazi du.

Espainiaren erantzuna urriaren 1eko erreferendumean neurrigabekoa izan zela adierazi du Vilak. Estatu demokratiko batek ez duela zertan horrela erantzun behar iritzi dio.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.