Osakidetzako oposaketen auzia

ESKren iritziz, Urkulluk "Osakidetzako sistema ustela" babestuko du Darpon kargutik kendu ezean

Sindikatuak jakinarazi du beste langile batzuen salaketak jasotzen ari direla, eta, ondorioz, ospitaleko espezialitate gehiago ikertuko direla.

Roberto Sanchez, Julio Sanchez, eta Patxi Nicolau gaurko prentsaurrekoan. ENDIKA PORTILLO
Jon Rejado.
2019ko otsailaren 21a
07:20
Entzun

ESK sindikatuak Osakidetzako irregulartasunei buruzko azken gertaerak baloratu ditu, gaur goizean. EAEko fiskalburu Carmen Adanek sinatutako txostenak 2018ko ekainean egindako salaketei “arrazoia” ematen diela hausnartu dute, zenbait probetan ardura penalak eta delitu zantzuak antzeman dituelako.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna kritikatu du. Darponek “sinesgarritasun guztia” galdu duela baloratu du Patxi Nicolau ESK-ko Osakidetzako ordezkariak. Hori dela eta, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Osasun sailburua kargugabetu behar duela baloratu du. “Hori ez bada gertatzen, lehendakariak Osakidetzan ezarritako jokabide ustelak babestuko ditu, eta sistema horren lankide bihurtuko da”.

Roberto Sanchez, lan eskaintzako irregulartasunak salatu zituen hiru medikuetako bat, pozik agertu da fiskalaren txostenarekin. Uste du fiskalak arrazoia ematen diela hausnartu du. “Honek guztiak merezi izan du. Zenbatetan gailendu zaio David Goliati?”.

Julio Sanchez ESK-ko zerbitzu juridikoetako kideak azaldu du fiskalaren txostenak salaketa berriak ahalbidetu ditzakeela. Are, zehaztu du beste langile batzuk irregulartasunak salatzeko asmoa agertu dutela. Horren ondorioz, uste du etorkizunean beste espezialitate batzuetara ere zabalduko dela ikerketa. Ez du iragarri zeintzuk izango diren, baina aurreratu du Urologia izango dela horietako bat.

Julio Sanchezek gogora ekarri du Osakidetzak barne ikerketa bat egin zuela, eta, hori amaitzerakoan, EAEko osasun publikoko zerbitzuko zuzendaritzak ondorioztatu zuela ez zela irregulartasunik gertatu. “Fiskalaren txostenak sinesgarritasun osoa kendu dio Osakidetzaren ikerketari, eta une honetan ez du baliorik”.

Azkenik, zerbitzu juridikoetako kideak nabarmendu du auzibideak erantzule penalak zehaztuko dituela. “Bertan ezin izango da esan Darponek delitu bat egin zuenik”. Ordea, Patxi Nicolau ESKko Osakidetzako ordezkariak hausnartu duerantzukizun politikoa ere argitu behar dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.