autogobernua

Eusko Legebiltzarrak "erabat gaitzetsi" du Espainiako Senatuaren mozioa

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adostutako testu baten arabera, Senatuaren atzoko adierazpenak "agerian utzi du 1978ko Konstituzioan zehaztutako lurralde eredua agorturik dagoela".

Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera, azaroan, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
jon olano
2019ko otsailaren 21a
07:20
Entzun

Espainiako Senatuak mozio bat onartu zuen atzo, Espainiako Gobernuari eskatzeko ez ditzala utzi Jaurlaritzaren esku Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion eskumenak. 1979ko estatutuaren arabera Jaurlaritzari dagozkion 37 eskumen daude oraindik Madrilen esku, eta horietatik 33 eskualdatzeko egutegi bat prestatu zuen Pedro Sanchezen gobernuak.

Horen aurrean, Senatuak estatuko gobernuari eskatu dio ez diezaiola eskumen gehiagorik eman Eusko Jaurlaritzari, "erkidego batek eskumen gehiago izateak espainiarren arteko berdintasuna hausten duelako". PPk aurkeztu zuen egitasmoa, eta aurrera atera zuen, alderdi horrek Senatuan gehiengo absolutua duenez gero.

Senatuaren adierazpenari gaur erantzun dio Eusko Legebiltzarrak. Adierazpen instituzional bat adostu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, "erabateko gaitzestena" azaltzeko mozioari: "Senatuaren adierazpen hori jauzi kualitatiboa da birzentralizazio eta inboluzio demokratikoaren bidean".

Era berean, Eusko Legebiltzarrak berretsi du Gernikako Estatutua "derrigorrez bete beharreko legea" dela eta, ondorioz, "osorik bete" dadila exijitu du, "transferitu gabe dauden eskumen guztiak EAEko instituzioetara eskualdaturik, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa eta espetxeen antolaketa, erregimena eta funtzionamendua barne".

Eusko Legebiltzarraren iritziz, Senatuaren adierazpenak "agerian utzi du 1978ko Konstituzioan zehaztutako lurralde eredua agorturik dagoela eta, beraz, beharrezkoa dela eredu berri bat diseinatzea, Estatuaren nazio-aniztasunean eta modu libre eta baketsuan adierazitako herritarren borondate demokratikoan oinarriturik".

Urkullu: "Muga guztiak gainditzen dituen hanka sartze bat da"

IƱigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ere hizpide izan du Senatuaren mozioa: "oso larritzat" jo du. Eusko Legebiltzarrean Osoko Bilkura hasi aurretik hedabideei eginiko adierazpenetan, Urkulluk esan du "muga guztiak gainditzen dituen hanka sartze bat" dela "ganbera legegile batek eskatzea autonomia estatutua, legea eta Espainiako Konstituzioa ez betetzeko". Hori horrela, instituzioei eta herritarrei eskatu die "autogobernuaren balioaz kontziente" izateko.

Eztabaidak oihartzuna izan du Nafarroan ere, Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak UPN kritikatu baitu Senatuko mozioa babesteagatik. "Inor besteen kontuetan sartzearen aurka agertu izan diren horiei" egotzi die "maila politiko apala" erakutsi izana. Javier Esparza UPNko bozeramaileak erantzun dio "euskal independentismoaren" aurkako bozketa bat izan zela Senatukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.