Dozenaka mila lagun irten dira Bartzelonan: "Zutik jarraituko dugu"

Antolatzaileen arabera, 200.000 lagunek hartu dute parte Bartzelonako manifestazioan. Onartuko duten sententzia bakarra absluzioa dela esan dute deitzaileek. Egun osoan izan dira protestak, greba orokorraren barruan.

Bartzelonako manifestazioa, gaur. QUIQUE GARCIA, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 21a
07:13
Entzun

Egun osoko greba orokorraren ondoren, manifestazio jendetsuak egin dituzte Bartzelonan eta Kataluniako beste hainbat hiri eta herritan, prozesu subiranistaren aurkako epaiketa salatu eta eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko. Eskubiderik gabe ez dago askatasunik lelopean, dozenaka mila lagun bildu dira, esaterako, Bartzelonan. Gracia pasealekuan hasi, eta kale hark Gran Viarekin bat egiten duen lekuan amaitu dute martxa. Antolatzaileen arabera, 200.000 lagun atera dira kalera mobilizazio horretan —40.000 zirela esan du Udaltzaingoak—, eta 70.000 inguru Gironan.

CSC-Intersindikalaren arabera, azken hamabost urteetan jarraipen handieneko greba izan da gaurkoa, 2017ko urriaren 3koaren ondoren —erreferenduma egin eta bi egunera—. Espainiako Auzitegi Goreneko epaiketa ez ezik, Pedro Sanchezen gobernua ere kritikatu du Angels Massip bozeramaileak, PPren lan erreforma bertan behera ez uzteagatik, eta besteak beste, 1.200 euroko gutxieneko soldata eta emakume eta gizonen arteko soldata arrakala amaitzeko eskatu du. "Klase gisa belaunikatuta eta men eginez nahi gaituzte, eta herri bezala, geldi eta morrontzan. Baina egoskor eta zutik jarraituko dugu".


Bartzelonako manifestazioa, gaur. Enric Fontcuberta / EFE.

Independentziaren eta preso eta erbesteratuen aldeko oihuak egin dituzte manifestazioan zehar. "Ez da epaiketa bat, iruzurra da". Besteak beste, JxCat, ERC, CUP, Ustec-Stes, CSC-Intersindikala eta elkarte subiranistetako kideek hartu dute parte.

Ustec·Stes hezkuntzako sindikatuaren bozeramaile Ramon Fontek eskertu egin du manifestarien eta greba egin duten irakasleen konpromisoa: "Ez zaizkigu gainetik pasatuko. Gaur hori erakutsi dugu". Espainiako Estatuari egotzi dio murgiltze eredua amaitu nahi izatea, eta katalanen "kohesio sozialerako ezinbesteko elementua" dela defendatu du.

"Greba orokorra gara"

CUPeko diputatu ohi David Fernandez, berriz, ohartarazi du beharrezko den guztietan deituko dutela "ekonomia geratzera". "Greba orokorrengatik egin du aurrera herri honek. Greba orokorra gara, eta hala izango gara pertsona guztien eskubideak defendatu behar ditugu aldiro". Amaierako ekitaldian, martxoaren 8ko greba feministan parte hartzera ere deitu dute. Martxoaren 16an epaiketa salatzeko manifestazioa ere egingo dute, Madrilen.

Bartzelonan ez ezik, beste hiri batzuetan ere egin dituzte manifestazioak.

Goizean goiz hasi dira protesta ekintzak. 04:30etik, hainbat autobide eta errepide nagusi moztu dituzte Kataluniako lurraldean. Baita zenbait trenbide eta portu ere. Bartzelonako erdigunean ere, hamar bat errepide itxi dituzte CDR Errepublikaren Aldeko Komiteek, eta mossoek esku hartu dute errepidea mozten ari diren herritarrak bidetik kentzeko. Gutxienez bost manifestari atxilotu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.