CAN auzia

Goñiren agintaldiari egotzi dio CANen amaiera ikerketa batzordeak

Laukoak ondorioztatu du negozio eredua aldatu izanak eta aurrezki kutxako arduradunek barne-kontrol funtzioak egiteari uzteak eragin zuela hondoratzea.

Ikerketa batzordea, gaur bilduta.
Ikerketa batzordea, gaur bilduta. Nafarroako Parlamentua

Joxerra Senar -

2019ko otsailak 22

Ikerketa batzordea gaur amaitu da. Datorren astean, azken aldiz, osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte ikerketa batzordeak gaur hartutako ondorioak. Modu horretan, Caixabank-ek Nafarroako Kutxa xurgatu eta zazpi urtera, amaiera emango zaio azken urteetan Nafarroako politika eta gizartea asaldatu duen CAN auziari.

"Nafarroako Kutxa de facto desagertu egin da". Halaxe hasten da laukoak landutako 159 orrialdeko txostena. 2002tik 2012ra aurrezki kutxaren kudeaketaren arrazoiak sakon aztertu ditu, eta azpimarratu du azken urteetan %80ko ondare galera izan zuela kutxak, 1.000 milioi euro ingurukoa. Txostenaren arabera, Enrique Goñi zuzendari ohiak negozio ereduaren aldaketa bultzatu zuen, eta haren gainetik ziren arduradunek zaintza lanak egiteari utzi zioten.

Horren aurrean, UPNk eta PSNk euren boto partikularrak aurkeztu dizkiete ondorioei. Salatu dute ikerketa batzordea "hauteskundeei begira" egin dela, eta Nafarroako Kutxari gertatutakoa finantza krisiaren ondorio izan zela. CANen kudeaketan zerikusi zuzena izan zuten bi alderdiek azpimarratu dute CAN "onik" atera dela Caixabank-en barruan amaituta, "bakarrik ezingo lukeelako inondik ere bere jarduerarekin jarraitu".

Ondorio nagusien txostena landu duten alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu-Orain Bai eta Ezkerra) alde bozkatu dute, eta UPN, PSN eta PPk, kontra. Ironikoki, UPNk PSNren txostenaren aurka bozkatu du, eta PSNk gauza bera egin du UPNren txostenarekin —laukoak bi kasuetan aurka bozkatu du—. PPk ez du txostenik aurkeztu: "Gizarteari inporta zaizkion gaiak estaltzeko baino ez du balio izan batzordeak", esan du PPko Javier Garciak.

Ikerketa batzordeak, hiru urte

Aurreko legealdian, gaia pil-pilean zela, batzordea osatzeko lau saio egin ziren. Hiru aldiz porrot egin zuen, UPNk eta PSNk kontra bozkatu zutelako. Legealdi amaieran, hauteskundeak gertu zirela, PSNk baiezkoa eman zion batzordeari, baina ez zegoen nahikoa denborarik ganoraz ikertzeko. Hori argi geratu da legealdi honetan. Laukoaren borondatez aurrera atera da, eta ia hiru urte behar izan ditu, guztira.

2016ko apirilean osatu zen. Batzordeak bi fase izan ditu: lehenik, urte eta erdi behar izan zituen dokumentazioa lortzeko, eragozpen ugari izan baititu informazioa biltzeko; bigarrenik, iazko apiriletik hainbat agerraldi egin dituzte. Besteak beste, honako hauek igaro dira: Miguel Sanz CANeko presidente ohia, Enrique Goñi zuzendari ohia, Yolanda Barcina kontrol batzordeko presidente ohia, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia, Jose Antonio Sarria kontseilari ohi eta CENeko presidentea, Jose Antonio Asiain presidente ohia eta Juan Oderiz zuzendariorde ohia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna