'Euskaldunon Egunkaria'

"Denok 'Egunkaria' gara"

Zarama taldearen Non zagoz Txatxo abestiaren doinuan Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren 16. urteurrena ekarri digu gogora Maddalen Arzallusek Gaztea Irratian.

2019ko otsailaren 22a
11:40
Entzun

Asteazkenean hamasei urte bete ziren Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik, eta urtemuga hori gogoan, Maddalen Arzallusek abesti bat egokitu du Gaztea Irratiko Dida saioan. Zarama taldearen Non zagoz Txatxo abestiaren doinua hartu du horretarako, eta Euskaldunon Egunkaria eta Egin itxi zutenen kateak ditu hizpide abestian salatzeko ez diotela uzten Euskal Herriari izan nahi duena izaten. Gara-ri ordainarazi nahi dioten zorra ordaintzea ez dagokiola ere azpimarratzen du.

Hau da Maddalen Arzallusen abestiaren letra:

Hitza kendu nahi zenigun,
baina oraindik mingainez daukagu gordeta zuloan.
Berriz sortzen ondo dakigu
begiak malkotan baina beti irrifarre bat ahotan.

Ez da bakarrik ezin dugula ezer esan
zuen handikeriarik ez daukagu zertan jasan.
Hainbeste urtez erasotu (e)ta erasan
baina guk garenaz beste, ezer ezin dugu izan.

Lartxo, ez al da lartxo?
Guk ez dugu ordaindu nahi,
ez dagokigun zorrik.
Atzo, baginen atzo,
eta gaur ere ez dugu
zuen kate beharrik.

Egin, BERRIA edo Gara,
izan zineten eta zarete herritar askoren ahotsa.
Denok Egunkaria gara,
hamasei urtean ezin izan dute itzali bihotza.

Ez da bakarrik gu geuk nahi dugula izan,
gure etorkizunak ere iragan bat izan dezan.
Zutik bagaude ez daukagu zertan etzan,
nahiz eta zuek saiatu belaunikatu gaitezan.

Lartxo, ez al da lartxo?
Guk ez dugu ordaindu nahi,
ez dagokigun zorrik.
Atzo, baginen atzo,
eta gaur ere ez dugu
zuen kate beharrik.

Ez da bakarrik ezin dugula ezer esan,
zuen handikeriarik ez daukagu zertan jasan.
Hainbeste urtez erasotu (e)ta erasan,
baina guk garenaz beste, ezer ezin dugu izan.

Lartxo, ez al da lartxo?
Guk ez dugu ordaindu nahi,
ez dagokigun zorrik.
Atzo, baginen atzo,
eta gaur ere ez dugu
zuen kate beharrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.