Sexu abusuak

Salestarretako irakasle ohiaren aurkako zortzi salaketa artxibatu dituzte

Delituak preskribatuta leudekeela ondorioztatu du Bilboko Instrukzio Epaitegiak.

Deustuko salestarren ikastetxea. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Maite Asensio Lozano.
2019ko otsailaren 22a
09:43
Entzun

Deustuko Salestarrak ikastetxeko irakasle ohi Jose Miguel San Martinen aurka abusu sexual eta fisikoengatik aurkeztutako zortzi salaketa artxibatu egin ditu Bilboko 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegia. Erasoak 1980ko hamarkadan gertatu zirela eta, delituak preskribatuta leudekeela ondorioztatu du epaileak. Beraz, ez dute irakasle ohiaren eta erasoen inguruko ikerketarik irekiko.

Urtarril amaieran jarri zituzten zortzi ikasle ohik aurreneko salaketak, baina hurrengo asteetan beste hemeretzi jaso ditu Ertzaintzak, eta lau aurkeztu dituzte beste polizietan. Pentsatzekoa da gainerakoak ere artxibatuko dituztela. Izan ere, bost eta hamar urte arteko preskripzio epea dute sexu abusuek, biktimek 18 urte betetzen dutenetik aurrera zenbatzen hasita —salatzaileek 40 eta 50 urteean artean dituzte—. Hain justu, lege aurreproiektu bat du martxan Espainiako Gobernuak epe hori luzatzeko.

Ukituak, masturbazioak, bortxaketak eta jipoiak agertu dira salaketetako testigantzetan. San Martin 1975etik 1990era izan zen zentroko irakasle; ikastetxeak 1989an jaso zuen bi mutikok jasandako sexu abusuen berri, baina beste urtebetez mantendu zuen tutore, eta ikasle ohi batek salatu du urte hartan irakasleak sexu abusuak egin zizkiola behin baino gehiagotan. Barkamena eskatu du eskolak berriki, eta barne ikerketa bat zabaldu du.

Baina, San Martinez gain, beste iraskasle ohi bat ikertzen ari da Salestarren Kongregazioa: Pablo Ortega. Aste honetan azaldu dutenez, ez dute zuzenean biktimen salaketarik jaso, baina Interneteko sare sozialetan eta bestelako solasaldietan egindako "iruzkinetan" oinarritu dira ikerketa abiatzeko. 1970eko hamarkada erdikoak dira lekukotza horiek.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.