Kultura

Ikuskizunen dekretua "malgutasunez" ezarriko dutela azaldu du Zupiriak

Horretarako lizentziarik ez duten lokaletan ikuskizun kopurua murriztuko du arauak, eta hura indargabetzeko eskatu du Arteak Ireki herri ekimenak. EH Bilduk ohartarazi du "kultura eredua" dela arazoa. Gasteizko Udalak araua atzera botatzeko eskatu du.

Arteak Ireki plataformaren batzar musikatua, gaur, Gasteizen. IHANA IRIONDO, FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 22a
09:54
Entzun

"Malgutasunez" jardungo dutela, "udalez udal eta kasuz kasu". Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak hitzeman du "denak" hartuko dituztela kontuan: udalak, ostalariak, musika areto pribatuak, hiritarrak eta "guztien eskubideak". EH Bilduko Josu Estarronaren galderei erantzunez eman ditu Bingen Zupiriak ikuskizun publikoak eta aisialdi jarduerak arautzen dituen dekretuaren inguruko azalpenak. Arteak Ireki herri ekimeneko kideak legebiltzarrean izan dira, publiko modura.

"Malgutasuna" bai, baina horretarako lizentziarik ez dutenen kasuan, zehaztu eta mugatu beharra ere badagoela azaldu du sailburuak: "Zenbait ekitaldi baimendu behar dira horretarako lizentziarik eskatu ez duen areto batean? Hamabi, 48, edo barra libre? Mugarik jarri behar da, ala ez? Zertarako balio du lizentzia izateak?". Zupiriak gogora ekarri du Eudel Euskal Udalen Elkarteak proposatu zuela urtean hamabi ikuskizuneko muga jartzea.

EH Bilduk, berriz, arau berriak "kulturari eta sormenari ateak itxiko" dizkiola salatu du, eta ohartarazi du arazoa ez dela ekitaldi kopurua, "kultura eredua" baizik. Estarrona: "Eusko Jaurlaritzak gutxi kantatzen duen herri aspergarri bat nahi du".

Gasteizko Udala, aurka

Aurrez, Gasteizko Udalak onartu du mozio bat, araua atzera botatzeko eskatuz. Oposizio osoak egin du bat idatziarekin: EH Bilduk, Irabazik, Ahal Dugu-k eta PPk. "Hiri bizia" nahi dutela azaldu du EH Bilduk Twiterren, eta "kulturaren aurkako eraso" gisa hartu du araua. "Ez zaie askatasuna gustatzen", idatzi du PPko zinegotzi Iñaki Garcia Calvok.

Bitartean, asanblada musikatua egin dute Arteak Ireki ekimeneko kideek udaletxetik gertu, Sebastian Iradier zenaren etxe azpiko arkupeetan. XIX. mendeko konpositore arabar ezaguna izan zen Iradier (1809-1865).

Otsailaren 14an aurkeztu zuten Arteak Ireki plataforma, hainbat kulturgile eta ostalarik osatua. Dekretua indargabetzeko eta negoziazio prozesu bat zabaltzeko eskatu zuten, Eusko Legebiltzarraren aurrean: "Ostalaritzaren sektore handi bati egingo dio kalte, eta kultur eragile guztiek sufritu beharko dute zentzugabekeria hori".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.