euskal presoak

Xabier Sagardoiri hirugarren gradua eman diote, eta Iruñeko kartzelara ekarriko dute

Xabier Agirre Ocaña II-tik Logroñora hurbilduko dute, eta Unai Fano, Algecirastik Soriara.

Xabier Sagardoi —eskuinetik hasita lehena—, 'herri harresira' deitzeko agerraldi batean, 2013an.
Xabier Sagardoi —eskuinetik hasita lehena—, 'herri harresira' deitzeko agerraldi batean, 2013an. Idoia Zabaleta/Foku

Enekoitz Esnaola -

2019ko otsailak 22

Espainiako Espetxeetako Instituzioek prentsa ohar batean diotenez, Xabier Sagardoi Lana euskal presoari (EPPK-ko kidea da) hirugarren gradua eman diote, eta Soriako (Espainia) kartzelatik Iruñekora lekualdatuko dute. 2013ko irailean sartu zuten preso, eta sei urteko zigorra ari da betetzen. 2017ko urrian bete zituen hiru laurdenak.

Soriako espetxeko Tratamendu Batzordeak hirugarren gradua ematea proposatu zuen, Espetxe Araudiko baldintzak betetzen dituela esanda, eta, halaber, familiarengandik gertueneko kartzela batera eramatea. Proposamenak ontzat jo dituzte Espetxeetako Instituzioek.

Halaber, tokiko batzordeen proposamenak onartuta, Xabier Agirre Ibáñez euskal presoa (EPPK) Ocaña II kartzelatik (Etxerat-ek bezala Altsasu erreferentzia hartuta, 460 kilometrora dago) Logroñokora (105 km) hurbilduko dute, aipatutako instituzioek diotenez. 2016ko urtarrilean espetxeratu zuten, eta sei urte eta erdiko zigorra du. 2020ko azaroan beteko ditu hiru laurdenak. Iturri haren arabera, uko egin dio indarkeriari eta espetxeko legedia onartu du. Iazko abuztutik bigarren graduan dago.

Unai Fano Aldasoro euskal presoa (EPPK) ere gerturatuko dute: Algecirasko kartzelatik (1.045 km) Soriara (230 km). 2008ko abenduan sartu zuten espetxean, eta hemeretzi urteko kondena du. 2024ko urtarrilean beteko ditu hiru laurdenak. Legedia onartu diote Espetxeetako Instituzioek. Bigarren graduan jarriko dute.

Atzo Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak Kongresuan zioenez, gerturatzeak emateko aintzat hartzen ari dira presoak odol deliturik ez izatea, haren zigorraren eta espetxealdiaren iraupena, kartzelako jarrera eta legediaren onarpena. Hirugarren gradura heltzeko, berriz, ministroak ezinbestekoa deritzo Espetxe Araudiko 72.6 artikuluak dioena betetzea: presoak erantzukizun zibilari aurre egitea, indarkeriaren helburuak eta bitartekoak uztea, biktimei espreski barkamena eskatzea eta estatuko agintariekin kolaboratzea.

Gaurko iragarpenak kontuan hartzeke, PSOEren gobernuak, Alfredo Remirez txiolariaren kasuaz aparte, zortzi hilabete hauetan bi preso Euskal Herriratu ditu: Olga Sanz eta Xabier Moreno —inongo taldetan ez daude—. Hogei preso gerturatu ditu Euskal Herri ingurura. Halaber, 22 bigarren gradu eman ditu, eta bi hirugarren gradu —EPPK-ko inori ez—.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna