Feminismoa

Talkaren hutsaraztea salatzeko martxa egingo dute gaur, Gasteizen

Gunearen hutsaraztea "herri mugimenduari egindako erasoa" izan dela salatu dute Talkako kideek, eta Talka "espazio bat baino askoz gehiago" dela ohartarazi dute: "Proiektu bat da".

IHANA IRIONDO / FOKU. GASTEIZKO UDALTZAINGOA ETA ERTZAINTZA, TALKA GUNE FEMINISTA OKUPATUAREN AURREAN.
2019ko otsailaren 23a
09:48
Entzun

Talka gunearen hutsaraztea salatzeko, manifestaziora deitu dute gaurko Talka gune autogestionatu feministako kideek. Babesgabetuen Andra Mariaren plazan jarri dute hitzordua, 18:00etan, Talkatik ez dira pasako lelopean. Hutsarazteari "erantzun kolektiboa" ematea da asmoa, "autodefentsa feminista" eginez.

Hutsaraztea "herri mugimenduari egindako erasoa" izan dela salatu dute ohar batean, eta hala izendatu dituzte urtarrilaren 1ean udaltzainak Gasteizko Gaztetxean sartu izana, Donostiako Kijera gaztetxearen egoera eta Iruñeko Maravillas gaztetxearen hutsaraztea ere. Alaba Belasko jauregiaren jabea serraila aldatzera joan zen herenegun, udaltzainek babestuta, eta haiei egotzi diete "segurtasun pribatu gisa" aritzea, "kapitalaren eta burgesiaren arabera antolatutako egitura babestuz, herriak eta feminismoak eraikitako espazioei eraso eginez". Jarrera "oldarkorrez" jardun izana ere egotzi diete udaltzainei.

Herenegungoa ez zen izan udaltzainekin izandako tentsio une bakarra. "Publikoa da Talkaren okupazioa eta antolakuntza emakume, bollera eta transena dela, eta hala ere, polizia gizonen bila joan da uneoro, bai okupa gisa identifikatzeko, bai liskarrak bilatzeko ere", azaldu dute Talkakoek, eta salatu dute "feministek jasaten dugun infantilizazioaren" isla dela jokabide hori.

Talka "espazio bat baino askoz gehiago" dela ohartarazi dute: "Proiektu bat da, auzo izaera bat, aliantzak egin eta sistema kapitalista heteropatriarkala iraultzeko tresna". Martxoaren 8a gogoan, Talka "gune zentral" bat izan dela oroitarazi dute, eta "aurpegia zuritzea" egotzi diete instituzioei: "Ez dugu onartuko martxoaren 8an instituzioek feminismoaren izenean inongo aldarririk egitea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.