Espainiako Hauteskundeak

Otegik nabarmendu du ezkerreko subiranisten aliantza bat "erabakigarria" izan daitekeela

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak jakinarazi du koalizioa lanean ari dela gisa horretako akordio bat lortu ahal izateko, eta laster "albiste onak" izatea espero du.

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, gaur, koalizioaren batzar nazionalean, Iruñean.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, gaur, koalizioaren batzar nazionalean, Iruñean. Jagoba Manterola/Foku

Berria -

2019ko otsailak 23

Orain Errepublikak hautagaitzaren eredua Espainiako hauteskundeetara ere hedatu nahi du EH Bilduk. Europako bozetara ERCrekin eta BNGrekin batera aurkeztuko da koalizio independentista, eta, bide beretik, "ezkerreko subiranistak" elkartuko dituen aliantza bat proposatu du, apirilaren 28ko hauteskundeen ondoren, Espainiako agertoki politikoan "erabakigarria" izango dena.

"Espainiako estatuak bizi duen inboluzio demokratikorako alternatiba bakarra da ezkerreko subiranistak erabakigarriak izatea", adierazi du Arnaldo Otegik, gaur, Iruñean, EH Bilduren batzar nazionalean. Espainiako hurrengo hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko prozedura onartu dute bertan.

 EH Bilduk "indar errepublikar eta aurrerakoeien arteko adiskidetasunean eta elkarlanean sinesten" duela nabarmendu du Otegik, eta aukera hori gauzatu dadin lanean ari dela jakinarazi du. "Diskrezioz, baina geldirik egon gabe". Are gehiago, epe motzera "albiste onak" izatea espero du. EH Bildu "indar batuketa horretan egongo da", Otegiren esanetan.

Ezkerreko subiranisten arteko aliantzak "elkarrizketan eta akordioan oinarritutakoa" izan behar du, EH Bilduko buruaren iritziz. Azaldu duenez, nazio aniztasuna, autodeterminazioa eta eskubide sozialak defendatu beharko lituzke aliantza horrek, eta "presoak aske uztea" errespetatu beharko luke.

Otegik Espainiako bozen garrantziaz ohartarazi du. "Hurrengo apirilaren 28ko hauteskundeak Espainiako estatuak bizi duen egiturazko eta erregimenaren krisi larriaren isla ere badira. Horregatik, berebiziko garrantzia duten gauzak daude jokoan hauteskunde horietan. Jokoan dago, besteak beste, estatuak krisi horri emango dion erantzuna". PPk, Ciudadanosek eta Voxek krisi horri "kontraerreformaren eta inboluzioaren" bidez erantzun nahio diote, Otegiren esanetan. "155. artikulua modurik gogorrenean indarrean jartzea, murrizketa sozialak, alderdi independentisten ilegalizazioa…", zerrendatu ditu.

Bestelako arriskurik ere ikusten du EH Bilduk hauteskundeen ondorenean. "Su bajuan egositako beste inboluzio bat, PSOE-Ciudadanos bikoak gidatutakoa".

Aldiz, bi aurkera horien aurrean, ezkerreko subiranistak Espainiako agertoki politikoan "erabakigarriak" bihurtzeko aukera ere badela nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna