Pilota

Urtebeteko zigorra ezarri diote Bixintxo Bilbaori, Munduko Txapelketan ikurrina ateratzeagatik

Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordearen arabera, "arau hauste larria da ez baimendutako bandera bat atera izana".

Julen Etxeberria -

2019ko otsailak 23

2018ko urriaren 20a. Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekua. Munduko Txapelketako binakako trinketeko finala amaitu berri da. Frantziako selekzioak irabazi du urrezko domina, finalean Mexiko 2-0 mendean hartuta. Bixintxo Bilbao, Mathieu Ospital, Peio Gixandut eta Peio Larralde dira Frantziako selekzioko kideak. Euskal herritarrak dira guztiak. Denak igo dira podiumeko koska gorenera, eta urrezko domina kolkoratu dute. Bilbaok ikurrina atera du orduan, eta eskuetan izan du ekitaldia amaitu arte.

Lau hilabete geroago jaso ditu Bilbaok ekintza horren ondorioak. Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordeak urtebetean nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko debekua ezarri dio pilotari ziburutarrari. Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordearen arabera, "larria" da Bilbaok egin zuen arau haustea. Izan ere, araudiaren arabera, "ezin da baimenduta ez dagoen banderarik atera dominak jasotzean".

Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordeak joan den azaroaren 29an erabaki zuen Bilbaori espedientea irekitzea. Horren berri eman zion pilotariari, baita hilabeteko epea eman alegazioak aurkezteko ere. Diziplina Batzordearen arabera, Bilbaok ez zuen alegaziorik aurkeztu. Beraz, urtarrilaren 9an, batzordeak zigor hau proposatu zuen: urtebetez nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko debekua; Munduko Txapelketan aritzeko Frantziako Pilota Federazioak jarritako bermea hartzea; eta Frantziako Federazioari jakinarazi etorkizunean berriz ere halakorik gertatuz gero, Frantziako Federazioari zigorra jar zekiokeela. Jarraian horren berri eman zion Bilbaori eta Diziplina Batzordeko hiru kideei: Pilar Muñoz Soria, Alejandro Arias Alvarez eta Ignacio Gomez Gracia.

Behin proposamena jasota, Diziplina Batzordeak bilera egin zuen joan den ostegunean. Bertara joateko deia egin zioten Bilbaori, zigorraren aurrean defenditu nahi bazuen, baina batzordearen arabera, pilotariak uko egin zion bilerara joateari. Beraz, batzordeko hiru kideek sinatu egin zuten zigorra, eta beraz, balioa eman zioten. Bilbaok hilabeteko epea du orain helegitea aurkezteko. Ikusteko dago aurkeztuko duen edo ez. Ziburutarrak, hala ere, jokatzen jarrai dezake, zigorra Nazioarteko Pilota Federazioak antolatutako txapelketetarako baita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna