Milatik gora lagun batu dira Iruñean faxismoaren kontrako manifestaziora

Kolore askotariko martxa izan da: deialdiarekin bat egin dute hainbat sindikatu, migratzaileen aldeko elkarte, talde feminista edota euskalgintzako eragilek, besteak beste

Ehunka lagun Sarasate pasealekuan, Askatasunaren Aldeko Martxaren bukaeran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2019ko otsailaren 23a
19:45
Entzun

Ehunka pertsona batu dira gaur arratsaldean Iruñeko Udaletxe plazan, 'Askatasunaren Aldeko Martxan' parte hartzeko. Deialdiarekin bat egin dute hainbat alderdik, sindikatuk eta gizarte eragilek; hala nola, EH Bildu, ELA, LAB, ESK, Stee-Eilas, LKN, Iruñeko Peñen Federazioa, Martxoaren 8ko Koordinadora, Memoriaren Autobusa, Ahaztuak, 78ko Sanferminak Gogoan, Bideko Mitxingorria, Ernai, Gazte Komunistak, Nafarroako AEK-ko irakasleak, AHT Gelditu, Alter-Nativas, Euskal Herrian Euskaraz, Altsasukoak Aske plataforma, Zikutak eta Bollerak, besteak beste.

Udaletxe plazatik abiatu da manifestazioa, txalo artean, eta handik gutxira entzun dira lehen leloak: «Nafarroa izanen da faxismoaren hilobia» eta «faxismoaren aurrean, greba feminista!».

Ibilbidea ez da luzea izan: Txapitela kalean gora, Gazteluko plazaraino iritsi da martxa, eta handik, Karlos III, Nafarroako Gorteak, San Ignazio eta Lizarra kaleak zeharkatu dituzte manifestariek, Sarasate pasealekuan bukatu arte.
Han, Marta Molinero gizarte langileak eta Karlos Otxoa memoria historikoaren aldeko ekintzaileak irakurri dute manifestazio bukaerako manifestua: «Askatasun demokratiko eta eskubide sozialak ez dizkigu inork oparitu; gure lanaren eta borrokaren ondorio dira, bai eta gure aurreko belaunaldiena ere», azaldu zuen Otxoak. Molinerok, berriz, gogoan izan zituen «azken urteetako murrizketak»; hala nola, ‘Mozal legea’, Espainiako zigor kodea edota espetxe politika: «Adierazpen askatasuna erasoa izaten ari da; bestalde, autoritarismoa, militarismoa, xenofobia, homofobia eta bazterkeria soziala sustatzen dira». Mobilizazio gehiago iragarri dituzte datozen hilabeteetarako: «Egitasmo berriekin eginen diogu aurre olatu faxistari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.