Altuna III.a-Martija 22-18 Bengoetxea VI.a-Imaz

Finalerdietarako konfiantza bildu dute Altunak eta Martijak

Zortzigarren garaipena eskuratu dute Bengoetxea eta Imazen kontra, ligaxkako azken partidan, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Altuna-Martija eta Bengoetxea-Imazen arteko partida, gaur, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. IñIGO URIZ, FOKU
2019ko otsailaren 24a
12:17
Entzun

Altuna eta Martija nagusitu dira partidaren lehen erdian. 3-0 eta 6-2 aurreratu dira lehen tantoetan, baina Bengoetxeak eta Imazek ez diete berehala ihes egiten utzi. 7-5 hurbildu zaizkie. Hortik aurrera, tartea handitzea lortu du finalerdietan izango den bikoteak, eta 16-8 jarri dira aurretik markagailuan.

Urdinek ez dute etsi, ordea. Imazek gehiago luzatu du pilota atzeko koadroetan, eta Martijari gailentzea lortu du tanto askotan. Ondorioz, Bengoetxeak tantoa amaitzeko aukera gehiago izan du, eta Leitzako aurrelariak jakin du abantailari etekina ateratzen. 17-16ra hurbildu dira urdinak.

Altuna deseroso aritu da tarte horretan. 12. tantoko atsedenaldian ezkerreko sorbalda nekez zamatuta zuela adierazi dio Amezketako aurrelariak medikuari. Hala ere, horrek ez diola askorik eragin adierazi du Altunak berak partidaren ondoren. Haren esanetan, sailkapenerako ezer jokoan ez zela nabaritu da partidan, eta bigarren zatian lasaitu egin direla aitortu du.

Azken tantoetan, berriz aurreratu dira gorriak 20-16. Eta azkenean, 22-18 irabazi dute.

Altuna eta Martija binakako txapelketako finalaurrekoetarako sailkatu ziren, atzo; Artolak eta Mariezkurrenak galdu egin baitzuten Ezkurdia eta Galartzaren kontra. Altunak nabarmendu du finalerdiak jokatzea "aukera polita" dela eta, beren burua faborito ikusten ez badute ere, "lana egitera" irtengo direla kantxara. Irribarria eta Zabaleta ikusten ditu gainerako bikoteak baino koska bat gorago.

Martijak garrantzi handia eman dio finalerdietan lehen partida irabazteari. Ongi jokatuz gero, Altuna eta bera edozein bikoteri irabazteko gai direla uste du, eta horretan ahaleginduko direla ziurtatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.