Enpresak

Cie Automotivek %84 gehiago irabazi du iaz, Dominioneko gainbalioei esker

Euskal konpainiaren mozkin normalizatua 242,8 milioi euro izan da, %20 handiagoa. Ezohiko beste 154 milioi euro Dominion uztetik etorri zaizkio.

Anton Pradera, Cie Automotiveko presidentea, artxiboko irudian. LUIS TEJIDO / EFE
Irune Lasa.
2019ko otsailaren 25a
14:05
Entzun

Batez ere automobilgintzako osagaiak egiten ditu Cie Automotive konpainiak, eta emaitza ikusgarriak aurkeztu ditu gaur, %84 handitu baititu mozkin garbiak, 397 milioi euroraino. Ohiz kanpoko emaitza bat dago kopuru horren atzean: Cie Automotive joan den uztailean atera zen Dominion taldetik, non akzioen %50,01 zituen, eta, operazio horren ondorioz, euskal konpainiak 154 milioi euro gehitu dizkio bere iazko kontuei.

Aparteko iturri hori alde batera utzita ere, konpainiaren emaitzak onak izan dira, etekin garbi normalizatua 2017koa baino %20 handiagoa izatea erdietsi baitu, 242,8 milioi irabazita.

Talde osoaren fakturazioak 3.000 milioi euroko langa gainditu du (3.030 milioi), eta 2017ko kopurua %7 hobetu. Europa du merkatu nagusia, baina errentagarritasun handiak lortzen ari da Ipar Amerikako merkatuan. Cie Automotiveko arduradunen arabera, azpimarratzekoa da mozkin operatiboetan izan duten %18ko hazkundea —399 milioi euro—, joera hori orokorra izan delako konpainia presente dagoen merkatu guztietan.

Dominionetik ateratzeaz gain, 2018. urtean Cie Automotivek Inteva taldea erosi du, autoen sabaiak egiten dituen multinazionala. Aurten, berriz, bioerregaiak fabrikatzeko dibisioa saldu du urtarrilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.