Transfobia

Ana Beltranen adierazpenak gaitzetsi ditu Nafarroako Parlamentuak

Hezkuntza Saileko galdetegi batean, sexuaz galdetzean, hiru aukera agertzen ziren: neska, mutila edo beste bat. Hirugarren aukera, gazte transexualena, "txakurra, katua edo ornitorrinkoa" ote zen galdetu zuen Beltranek.

Ana Beltran parlamentaria, artxiboko argazki batean. IñIGO URIZ, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 25a
23:14
Entzun

PPNko diputatu Ana Beltranen iritziz, "desberdin pentsatzen dutenen adierazpen askatasunaren aurkako erasoa" da Nafarroako Parlamentuaren gaitzespena. Beltranek defendatu egin ditu joan den ostegunean eginiko adierazpenak, argudiatuz "erabateko enpatia" duela haur transgeneroekin, baina "oker" dagoela Hezkuntza Sailak zabaldutako inkestan sexuaz egiten den galdera —hiru aukera ematen zaizkie gazteei: neska, mutila edo beste bat—.

Beste bat aukera zeri ote zegokion galdetu zuen Beltranek joan den osteguneko Parlamentuaren osoko bilkuran, eta "txakurraz, katuaz edo ornitorrinkoaz" ari ote ziren galdetu zien lauko gobernuko kideei. UPN eta PPN ez beste alderdi guztiek gaitzetsi dituzte haren adierazpenak, eta iraingarritzat jo dituzte. "Ez dakit zein zen Beltranen asmoa hitz horiek esan zituenean, baina badakit zer esan zuen, eta erabat iraingarria zen pertsona transgeneroentzat", salatu du Koldo Martinez Geroa Baiko eledunak.

UPNko parlamentari Carlos Garcia Adanerok, berriz, ohartarazi die "marra gorri guztiak" gainditzen ari direla, eta eskandalagarritzat jo du norbaitek osoko bilkura batean zerbait esan eta "taldeek ahoa itxi nahi" izatea. "Eztabaidan bakoitzak bere jarrera defendatzen du iruditzen zaion moduan, eta badaude moduak erantzuteko edo eztabaidarako, baina kasu honetan pertsona bat isilarazi nahi dute".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.