autogobernua

PSNk irekita utzi du trafiko eskumena Nafarroaren esku ez uzteko aukera

Inmaculada Juriok esan du litekeena dela astirik ez izatea bozen aurretik. Hitza betetzeko eskatu dio Koldo Martinezek Sanchezen gobernuari: "Borondate kontua da".

Inmaculada Jurio, Nafarroako Parlamentuan hizketan, 2017ko urrian. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon olano
2019ko otsailaren 25a
19:28
Entzun

Nafarroako eta Espainiako gobernuek iazko azaroan adostu zuten Foruzaingoari itzultzea trafikoari eta bide segurtasunari buruzko eskumena, baina, eskualdaketa oraindik gauzatu ez denez, apirilaren 28an Espainiako Gorteetarako egingo dituzten hauteskundeek epeak estutuko dituzte transferentzia hori gauzatzeko. Inmaculada Jurio PSNko parlamentariak esan du Pedro Sanchezen gobernua lanean ari dela horretarako, baina ohar egin du: "Une jakin batean [eskualdaketa hori] ezin bada gauzatu, [Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue] Barkosek EH Bilduri eskatu beharko dizkio kontuak, eta galdetu beharko zergatik eman zuen aurrekontuen aurkako botoa". Legebiltzarrak osteguneko osoko bilkuran eztabaidatuko du mozio bat, Espainiako Gobernuari eskatzeko apirilaren 28ko hauteskundeen aurretik zuteko eskumen horiek Foruzaingoaren esku.

Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea batzartu dira, eta ondoren hitz egin du Juriok hedabideen aurrean. Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak erantzun dio Juriori: transferentzia hori hauteskundeen aurretik ez betetzea "borondate kontua" dela naabarmendu du: "Nahi bada, ahal da. Eta uste dugu egin daitekeela eta egin behar dela. Hori izan zen Espainiako presidenteak Barkos presidenteari emandako hitza".

Ildo berean, Mikel Buil Ahal Dugu-ko parlamentariak eskatu du "lehenbailehen" batzartu dadila Transferentzien Batzordea, eskualdaketa gauzatu dadin. Gogorarazi du horretarako "baldintzak politikoki adostuak" daudela jada, eta Sanchezek "konpromiso pertsonala" hartu zuela.

PSNren gobernuarekin ulerkor agertu da Carlos Garcia Adanero UPNko parlamentaria. Izan ere, uste du "oso zaila" dela "eskumenak eskatzea eta, aldi berean, funtzionario batzuk Nafarroatik kanporatu ditzatela eskatzea"; horrek "errezeloa" eragiten dio Espainiako Gobernuari, Garcia Adaneroren iritziz: "Leial jokatu behar da Espainiako Gobernuarekin, eta estatuko Segurtasun Indarrak babestu". Areago, "oso pozik" agertu da "Polizia portzentaje handiena" edukitzearekin: "Oso eroso gaude Guardia Zibilarekin, Espainiako Poliziarekin, Foruzaingoarekin eta udaltzaingoekin".

Polizia indarkeriaren biktimen legea

Hain justu, eskuin muturreko taldeen eta segurtasun indarren indarkeriaren biktimen lege egitasmoa izan dute hizpide alderdi politikoek. Izan ere, Nafarroako Kontseiluak ebazpen bat eman du, ohartaraziz arau hori Espainiako Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela. Prentsaren aurrean, legegaia defendatu dute Nafarroako Gobernua babesten duten indar politikoek, nork bere ñabardurekin.

Esaterako, Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du Nafarroako Kontseiluaren ebazpenak "aitortu" egiten duela "doktrina konstituzional horrekin inolako egiarik lortzeko ezintasuna". Aurreko legealdi amaieran, 2015eko martxoan, motibazio politikoko biktimen legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, biktimen aitortza eta erreparaziorako batzorde bat osatzea jasotzen zuena. Espaniako Auzitegi Konstituzionalak organo hori baliogabetu zuen botere judiziala ordezkatu nahi zuela eta fiskaltzaren eskumenak "inbaditu" egiten zituela argudiatuta.

Orain, laukoak beste lege proposamen bat hitzartu du; egitasmo berriak "argitu" egin ditu aurreko testuak sor zitzakeen "interferentziak", Araizen esanetan, eta, beraz, uste du ezin zaiola testu berriari ezarri Auzitegi Konstituzionalak aurreko legeari aplikatutako interpretazioa.

Marisa de Simon Ezkerrako bozeramailea, berriz, "ziur" dago legegai berria "konstituzionala" dela eta "botere judiziala errespetatzen" duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.