Epaiketaren zazpigarren saioa, minutuz minutu
Ikusi epaiketa zuzenean. Jordi Cuixart Omnium Cultural elkarteko presidenteak deklaratu du goizean.

*Fiskalaren baieztapenak kolokan jarri ditu etengabe Omniumeko buruak. Nabarmendu du Omniumen helburua ez dela sekula izan independentzia, gizartearen kohesioa eta autodeterminazio eskubidea defendatzea baizik.
*Omniumen helburuak beti baketsuak izan direla berretsi du Cuixartek, eta argudiatu du instrukzio epailearen aurrean egindako adierazpenen egin gau egin dituenen arteko kontraesanik bada, orduan bere helburu bakarra espetxetik irtetea zelako dela adierazi du.
*Arratsaldeko saioan deklaratzen ari da Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetua. Parlamentuan onartutako legeen tramitazioaz arituko da nagusiki.
*Bihartik aurrera lekukoek deklaratuko dute.
Bihar: Joan Tarda (10:00), Roger Torrent (10:30), Artur Mas (11:00), Soraya Saenz de Santamaria (11:30), Cristobal Montoro (12:00), Mariano Rajoy (16:00), Marta Pascal (16:30), Nuria Gispert (17:00), Eulalia Reguant (17:30) eta Antonio Baños (18:00).
Etzi: Iñigo Urkullu (10:00), Gabriel Rufian (10:30), Albano Dante-Fachin (11:00), Ernest Benach (11:30), Ada Colau (12:00), Juan Ignacio Zoido (16:00), Xavier Domenech (16:30), Josep Ginesta (17:00), Francesc Iglesies (17:30) eta Adria Comella (18:00).
Zuzeneko kontakizuna
"Ez dut ulertzen zergatik nagoen auzipetuta hemen eta, aldiz, mahaiko nire kideak Kataluniako Auzitegi Nagusian ari diren epaitzen desobedientziagatik". Hartu dituen erabaki guztiak bere kideek hartu dituzten berberak direla nabarmendu du Forcadellek. "Bueno, bai, ulertzen dut" gaineratu du.

Gorka Berasategi Otamendi
2017ko urriaren 10eko osoko bilkuraren ondoren alderdi independentistek sinatu zuten adierazpenari buruz ari zaio galdezka estatuko abokatua. Kataluniako Errepublikaren sorrera jasotzen duen adierazpenaren sinatze ekitaldiak legea urratu al zuen galdetu dio. Forcadellen esanetan, ez zen legerik urratu. "Ekitaldi politikoa" izan zen.

Gorka Berasategi Otamendi
Prozesu subiranistarekin lotutako legeen tramitazioa Espainiako Konstituzio Auzitegiaren debekua eragoztera bideratuta zegoela frogatu nahian ari da estatuko abokatua. Erreferendum legea aurkeztu zenetik tramitera onartu zen arteko denbora tartea ohikoa baino luzeagoa izan al zen galdetu dio Forcadelli. Hark azaldu du udan osoko bilkurarik egin behar ez zenez, ez zela ezer pasa lege proposamena tramitera ez onartuta ere.
Horrez gain, Erreferendumaren lege proposamena egun bakarrean tramitatu izana normala al den galdetu dio. Forcadellek errepikatu du tramitazio bide hori legezkoa dela eta talde parlamentario ugarik erabili dutela Kataluniako Parlamentuan.

Gorka Berasategi Otamendi
Erreferendumaren lege proiektuaren aurkezpenean parte hartu al zuen galdetu dio estatu abokatuak. "Parlamentuko presidente izanik, karguari dagokion neutraltasunarekin bateragarri iruditu zitzaizun?". Forcadellek erantzun dio parlamentuko presidente izateaz gain, JxSiko parlamentari ere bazela.

Gorka Berasategi Otamendi
Estatuko aboktua ANCren bide orriari buruzko azalpenak ari zaizkio eskatzen Forcadelli. "Gogoratzen dudanez, parlamentua ez da eragile bezala aipatzen eta ez da erreferenduma aurreikusten agertoki bezala". Forcadellen esanetan, normala da ANCren bide orrian Kataluniako independentzia aipatzea, hori delako elkartearen helburua.

Gorka Berasategi Otamendi
Urriaren 1eko erreferendumaren ondoren, Carles Puigdemontek erreferendumeko emaitzak azaltzeko agerraldi eskaera bat tramitatu al zuen galdetu dio fiskalak. Forcadellek baietz aitortu du, baina gaineratu du Konstituzionalak tramitera onartze hori indargabetu zuenez, ez zuela osoko bilkura deitu.

Gorka Berasategi Otamendi
Irailaren 20an, Bartzelonako ekitaldi batean Forcadellek egin zuen hitzaldiaren bideo bat ari dira ikusten salan. Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezekin batera agerti da Forcadell oholtzan. Irailaren 22an, Justizia Jauregian egin zen ekitaldian ere parte hartu zuela adierazi du. "Kideei harrera egitera joan nintzen aske utzi zituztenean".

Gorka Berasategi Otamendi
Forcadell: "Konstituzionalak agindutako eginkizunekin bete genuen, ez baikenuen hari entzungor egiteko borondaterik. Baina kontuan hartu behar genituen diputatuen eskubide politikoak eta parlamentuaren subiranotasuna". Forcadellek defendatu du eztabaida ezin dela debekatu, eta eztabaida horren ondoren aztertu dezaketela auzitegiek onartu diren neurriak legezkoak diren ala ez.

Gorka Berasategi Otamendi
Erreferendum legearen tramitazioari buruz ari zaio galdetzen fiskala. "Horren azkar" zergatik tramitatu zen galdetzen ari zaio. "Ez zen azkar egin. Egun osoa hartu zuen". Talde parlamentarioek mahaiaren erabakiak berriz aztertzeko eskariak bat bestearen atzetik aurkezten zirelako luzatu zen pleoa goizaldera arte, Forcadellen esanetan. "Zergatik ez zen jarraitu eztabaidarekin beste saio batean?"galdetu du fiskalak. "Legeak egun bakarrean eztabaidatu ohi direlako". Fiskalak galdetu dio estrategia bat jarraitzen ari al zen Konstituzionalak eztabaida debekatu aurretik legea onar zedin.

Gorka Berasategi Otamendi
Erreferendum eta Trantsizio legeak tramitera onartzerakoan, parlamentuko legelarien ohartarazpena jaso zuela aitortu du Forcadellek, baina gaineratu du beren erabakia ez dela lotestea. Hala ere, legelariek esandakoa aintzat hartu zuela azaldu du, osoko bilkurari ohartarazi baitzion lege horien onarpenak izan zitzakeen ondorio juridikoez. "Txosten juridikoak egin zituzten. Guk erabaki politikoak hartu behar ditugu. Bestela ez ziren diputatuak egongo".

Gorka Berasategi Otamendi
Aurrekontuetan erreferendumerako 6 milioiko partida aurreikusten zela adierazi du Fiskaltzak. Aurrekontu proposamena tramitera onartu al zuen galdetu dio. Forcadellen esanetan, Auzitegi Konstituzionalak ez dio inolako pegari jarri mahaiari aurrekontu horien tramitazioarengatik.

Gorka Berasategi Otamendi
Espainiako Gobernuak, Fiskaltzak eta Auzitegi Gorenak Konstituzionalaren ebazpenak bete gabe utzi dituela adierazi du Forcadellek. Haren esanetan, ziur da erakunde horiek ez dutela auzitegiari entzungor egiteko borondatea izan. Aldiz, beste ondaren eta irizpide batzuk kontuan hartu behar izan dituztela gaineratu du. "Hori egin genuen guk ere".

Gorka Berasategi Otamendi
Forcadellek nabarmendu du Kataluniako Parlamentuko historian soilik bi proposamen ez direla tramitera onartu. 2009an bata, eta 2010ean bestea. Biak herri ekinaldi legegileak. Legeak dio kasu horretan bakarrik aztertu behar dela ekinaldiaren funtsa, legearekin bat datorren ala ez aztertzeko.

Gorka Berasategi Otamendi
Prozesu Konstituziogilearen batzordea azterketa batzordea izatea erabaki zuen Parlamentuko Mahaiak, eta ez batzorde legegilea. Talde guztien parte hartzea sustatu nahi zen horrela. Forcadellek azaldu du azterketa batzordean parte hartzeko prest agertu zela PSC. Ciudadanosek ez zuen parte hartu. Batzordeak bere lana arazorik gabe egin zuela aritu du, eta hura ez zela debekatu gaineratu du.

Gorka Berasategi Otamendi
Parlamentuko mahaiaz orain. Parlamentuko ekinaldiak onartu eta baztertzeko eskumena mahaiarena al den galdetu dio Fiskaltzak. Baietz Forcedellek. Konstituzioaren kontrakoak diren proposamenak baztertzeko betebeharra duen galdetudu fiskaltzak. Forcedellen esanetan, mahaiak ez du proposamenak Konstituzioaren aurkakoak diren ala ez aztertzeko ardura. Gainontzean, eztabaida mugatu ahalko lukeelako.

Gorka Berasategi Otamendi
2016ko abenduaren 23an "goi bilera" batean parte hartu al zuen galdetu dio fiskalak Forcadelli, erreferendumari buruz hitz egiteko. Forcedellek erantzun du ziurrekin Erreferendumaren Aldeko Itun Nazionalaren bileran izan zela. Baina fiskalak aipatzen duen bileran ez zuela parte hartu argitu du.

Gorka Berasategi Otamendi
Consuelo Madrigal fiskala ari da Forcadelli galderak egiten. 1980an hasi zen fiskal lanetan Madrigal (Segovia, Espainia, 1956), eta probintzia auzitegietan aritu ondoren iritsi zen Espainiako Auzitegi Gorenera. 1. Zigor Salan eta Adingabeen Fiskaltzan ibilia da, eta 2015ean eta 2016an Estatuko fiskal nagusi izan zen —kargu hori bete zuen lehen emakumea izan zen—. Ez zuten berritu karguan, ez baitzuen onartu PPk izendapenen inguruan proposatutako politika. Jose Manuel Mazak ordezkatu zuen.


Gorka Berasategi Otamendi
Fiskaltzak ANCko presidentetza hauteskundeetara aurkezteko utzi al zuen galdetuta, Forcadellek ukatu egin du. 2015eko maiatzean utzi zuela azaldu du, agintaldia orduan amaitzen zelako. Orduan ez zuen hauteskundeetara aurkezteko asmorik. 2015eko uztailean JxSi koalizioa osatzeko proiektua gauzatzen hasi zen, eta Artur Mas Kataluniako presidente ohiak independente gisa aurkezteko aukera proposatu zion.

Gorka Berasategi Otamendi
Hasi da arratsaldeko saioa. Carme Forcadellek protesta egin du ez dagoelako katalanaren berehalako itzulpen zerbitzurik eta katalana beti gutxietxi egiten dela salatu du. Gaineratu du ez duela arazorik gaztelaniaz deklaratzeko. Gaztelania ere Kataluniako hizkuntza dela nabarmendu du.

Gorka Berasategi Otamendi
Minutu gutxi barru hasiko da deklaratzen Forcadell, Auzitegi Gorenaren aurrean. Parlamentuko presidentea izandakoarentzat, 17 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu Fiskaltzak, matxinadagatik. Estatuaren Abokatutzak, 10 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik.
Zer dio fiskaltzak? ANCko presidentea zenetik ari zela estatuaren batasuna "hausteko" ahaleginean. Ganberako presidente gisara zilegitasuna eman ziola galdeketa eta independentzia aldarrikapena babesten zituzten legeen onespenari. "Hori guztia, Auzitegi Konstituzionalaren ohartarazpenei eta eskaerei kasurik egin gabe". Irailaren 20ko mobilizazioan parte hartu eta hurrengo eguneko manifestaziora deitu izana ere leporatzen dio.
Zer dio defentsak? Parlamentuko presidenteak eta Parlamentuko Mahaiak ez dutela eskumenik ekinbide legegileak oztopatzeko. Defentsa Konstituzionalaren doktrinan oinarritzen da: haren arabera, Mahaiak ezin du debate parlamentariorik eragotzi, ezta ebazpenek konstituzioa urratzen dutenean ere.
Nor den nor Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan.


Gorka Berasategi Otamendi
Forcadellek salaketa aurkeztu du Estrasburgon
Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo dute Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiaren abokatuek. Forcadell behin behinean espetxeratzeko erabakia "neurrigabea" izan dela salatu dute. Auzipetutako buruzagi independentisten artean, Estrasburgora jotzen duen lehena da. Espainiako Auzitegi Gorenean auzibidea agortu du eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebazpena eman zain dago.
Olga Arderiu Forcadellen abokatuak salaketari buruzko azalpen gehiago emango ditu gaurko saioa amaitzen denean.

Gorka Berasategi Otamendi
Cuixart: "Erresistentzia ez-biolentoa ez da erresistentzia pasiboa"
Fiskalak erakutsi ez dituen txioak aipatu ditu defentsako abokatuak. Urriaren 1ekoa da hurrengoa: "Ramon Lull eskolako erasoen aurrean, eskuak gora eta bake jendea gara oihuak. Hau da irizpidea: erresisentzia baketsua".
Cuixartek azaldu du erresistentzia ez-biolentoa ez dela "pasiboa" —Hannah Arendt, Mahatma Gandhi... aipatuz—, jarrera "proaktiboa" erakustea baizik, baina muga argi batekin: biolentziarik ez erabiltzea.

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Autogobernuaren defentsa gakoa da"
Fiskalak aipatu ez dituen txio batzuk erakutsi ditu defentsako abokatuak. Modu baketsuan aritzeko deia nabarmen agertzen da horietan guztietan.
"Autogobernuaren defentsa, Katalunian, gakoa da gure kidetasuna ulertzeko. Eta erantzuna bateratua izaten da". Cuixartek ukatu egin du miaketa egiten ari zirenei bidea ixtea zenik helburua.

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Espainiako herrien artean konfrontatu nahi gaituzte"
Fiskala etengabe ari da galdezka ea ez zuten indarkeriarik aurreikusten urriaren batean, indarkeria aldagaien bat lotu nahian auzipetuek egindakoari. Cuixartek erantzun dio ezetz, ez zutela imajinatzerik Poliziak horrela jokatuko zuenik: "Murtziar baten iloba naiz, ni ere erdi-espainola naiz. Espainiako herrien artean konfrontatu nahi gaituzte, eta Katalunian argi dugu ez gaitutela herrien senideen artean konfrontatuko".

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Nire sinesmen bakezaleengatik, ezin diot inoiz esango herritar bati inoren aurka joateko, are gutxiago goitik behera armatuta dagoen polizia baten aurka". Cuixartek nabarmendu du inork ez zuela debekatu mobilizatzea, protesta egitea. Haren arabera, horixe egin zuen Omniumek urriaren 1ean ere.

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Pentsaezina da txio baten bidez masa bideratu nezakeela"
Urriaren 1eko erreferendumaz ari dira.
Fiskalak Cuixarti galdetu dio ea zergatik egin zuen eskola jakin batzuetara joateko deia. Cuixart: "Kide batek esaten zuen katalanak ez garela ardiak. Pentsaezina da txio baten bidez masa bideratu nezakeela". Kataluniako epaile batzuek eskola batzuetako gehiegizko indarkeria ikertu duela gogorarazi du, eta eskola horiek izan zirela Poliziaren indarkeria gehien jasan zutenak.

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Demokrazia babestu genuen gure oinarrizko eskubideen bidez"
Eskolak irekitzeko ekinaldiarekin bat egin ote zuten galdetzen ari zaio fiskala. Txio batzuen bidez orain. Eskolak "modu baketsuan defendatzeko" deia egin zuen Cuixartek, hauteslekuak "babestekoa"... Cuixart: "Noski, demokrazia babesten ari gara gure oinarrizko eskubideen bidez".

Hodei Iruretagoiena
Desobedientzia zibilaren alde
Desobedientzia zibila erabili dutela defendatu du Cuixartek, eta hori zilegi dela. Filosofia horren printzipioak azaldu dizkio epaimahaiari: "Ekintzen ondorioak zeure gain hartzea, osorik. Hori da auzitegi honetan egiten ari naizena". Gainera, ez-biolentzia ere desobedientzia zibilaren printzipio bat dela nabarmendu du Cuixartek.

Hodei Iruretagoiena
Fiskala ari da berriz Cuixarti galdezka, orain, urriaren 1eko erreferendumaz.
Erreferenduma independentzia onartzeko aurretiazko pausoa ote zen galdetu dio Jaime Moreno fiskalak Cuixarti: "Beraz, erreferenduma eragozten bazen, independentzia deklaratzeko aukera eragozten zen?"
Cuixart: "Nik argi daukadana da Auzitegi Konstituzionala dela erreferendumerako legea bertan behera uzten duena".

Hodei Iruretagoiena
Atsedenaldia 12:30ak arte
Atsedenaldi bat egitea erabaki du epaileak, 12:30ak arte. Fiskala ari zaio galdezka oraindik Cuixarti, eta berak jarraituko dute atsedenaldiaren ondoren. Amaitutakoan, estatuaren abokatuak eta herri akusazioak izango dute aukera —Cuixartek erantzun nahi badie, betiere—, eta baita defentsa abokatuek ere.

Hodei Iruretagoiena
Herritar eta polizia batzuk hizketan ari zirela azaldu du, eta laguntzen saiatu zela, poliziekin hizketan, kartelak kendu zizkietelako. Cuixart: "Poliziek ez ninduten ezagutzen... Zuek [epaimahairi begira] zarete ezagun egin gaituzuenak, jendeak lehen ez gintuen ezagutzen kaletik, ezpada giro oso subiranistetan".

Hodei Iruretagoiena
Irailaren 20ko protestetako batean, atxilotuak eramateko furgoneta bati manifestariek "traba" egin ziotela esan du fiskalak —furgoneta eskuekin bultzatu zutela, alde batera eta bestera mugituz—. Hori erresistentzia ez-biolentoa dela defendatu du Cuixartek: "Nazioarteko komunitatearen eta estatuko botereen arreta deitzeko modua da". Gogora ekarri du jendea lurrean eseri zela, atxilotuak zeuzkaten furgoneten aurrean.

Hodei Iruretagoiena
Fiskalaren galdera batzuetan oso agerikoa da intentzioa: "Eskerrak eman zenituen gauza asko gertatu ziren elkarrerataratze batean parte hartzeagatik?". Cuixart, segidan: "Galdera da?". Omniumeko buruak azaldu duenez, eskerrak eman zizkien parte hartzaileei, jarrera "zibikoz" aritu zirelako.

Hodei Iruretagoiena
Fiskalak galdetu dio ea noiz eskatu zuten baimena Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean elkartzeko. Dokumentu bat erakutsi du, urgentziaz, baimena egunean bertan eskatu zutela, 10:15 aldera. Fiskalak egotzi dio, lehenago ere bi txio publikatu zituela. Deialdi hura, urgentziazkoa izan arren, erabat beren gain hartzea erabaki zutela azaldu du Cuixartek.

Hodei Iruretagoiena
Fiskala behin eta berriz galdetzen ari zaio Cuixarti ea zergatik ez zuten deialdia bertan behera utzi, "gerta zitekeena" aurreikusita. Miaketa harengatik desadostasuna agertu nahi izan zutela azaldu du Cuixartek, eta oinarrizko eskubidea dela manifestatzea. Indarkeriarik ikusi izan balute —lehen esan du andik irten ondoren ohartu zirela Guardia Zibilaren autoen egoeraz—, bestela arituko zirela ziurtatu du. "Baina ez zen kasua izan".

Hodei Iruretagoiena
Manifestarien jarrera nolakoa zen galdezka ari zaio fiskala, iradokiz ezin ote zuten aurreikusi "indarkeria" —autoak kaltetzea—. Cuixart: "Gure haserrea modu zibikoan bideratu genuen, orain egiten dugun bezala, ez indarkeriaren edo a por ellos-aren bidez".
Gaztetan intsumisoa izan zela ekarri du gogora, gizarte katalanak "beti" egin duela ez-biolentziaren alde: "Jendearen gehiengoak, saihestu egiten du indarkeria".

Hodei Iruretagoiena
Fiskalak galdetu dio ea Ekonomia kontseilaritza miatzen ari zirenek zergatik eskatu zizkioten bost ogitarteko mosso bati —fiskalak iradoki duenez, ezin zutelako handik atera—: "Bost funtzionariok bost ogitarteko eskatu bazituzten, nola jakingo dut nik zergatik izan zen? Bati pereza eman ote zion behera jaisteak, besteari... Ni pozten naiz, jendeak elkar laguntzen duelako".

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Txioaren eta kaltetutako autoen artean ez dago inolako harremanik"
Ekonomia kontseilaritzaren inguruan kaltetutako autoen inguruan ari da fiskala. "Txioaren eta kaltetutako autoen artean ez dago inolako harremanik", erantzun dio Cuixartek. "Ni iritsi nintzenerako [eguerdian], bazeuden kazetari batzuk Guardia Zibilaren autoen gainean. Ulertu nuen ez zela gure deialdi arrunt bat, gustatuko litzaigukeen gisakoa, baina horixe zen egoera".
Azaldu duenez, gauerdira arte ez zuen auto kaltetuen berri izan. Cuixartek kontatu du atsekabez hartu zutela hori: batetik, ez delako hori katalan subiranisten egiteko era. Eta, bigarrenik, auzitegietako prozedura bultzatzeko erabili delako hori gerora.

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Hemen, politika ez da iritsi oraindik"
"Arazo politiko bat ezin da bide judizialetik konpondu". Ideia hori sakondu du Cuixartek, joan den astean Madrilen izandako etxegabetze baten adibidea jarrita —herritarrek babestu zituzten bizilagunak, poliziaren aurrean; erabaki judizial bati aurre eginez—. "Politika berandu iritsi da", esan zuen Manuela Carmena alkateak haren inguruan.
Kataluniaren auziarekin egin du alderaketa Cuixartek: "Ba, hemen, politika ez da iritsi oraindik".

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Inoiz ez dugu biolentziarik erabili"
Txioaren gainean ari dira oraindik. Demokraziaren alde aritu zirela azaltzen saiatu da Cuixart.
"Nahiz eta [Franco] diktadorea ohean hil zen, ziur nago kalera atera ziren espaniar hiritarrengatik lortu zela demokrazia. Katalunian ere hiritarrek defendatu zuten demokrazia. Diktadura ere zuzenbide estatua zen, baina ez demokratikoa eta soziala. Zuzenbide estatua ezin da demokraziaren gainetik jarri".
Demokrazia eta autogobernua defendatzen jarraituko dutela ziurtatu du, beti ere, biolentziarik gabe: "Inoiz ez dugu halakorik erabili". Argi utzi du, ordea, ez diola inoiz uko egingo oinarrizko eskubideak erabiltzeari: "Arazo politiko bat ezin da bide judizialetik konpondu".

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Orain, nire lehentasuna ez da kartzelatik ateratzea"
Argipen bat egin nahi izan du Cuixartek, instrukzio epailearen aurrean egindako deklarazioaren inguruan: "Instrukzio epailearen aurrean egindako deklarazioek behar bati erantzuten zioten, baldintzatuta zeuden inpaktu emozional handi batekin, uste dudalako modu injustuan hartu nindutela preso; kartzelatik lehenbailehen irtetea lehenesten nuen orduan. Orain ez. Orain preso politikoa naiz, eta nire lehentasuna ez da kartzelatik ateratzea. Nire lehentasuna —noski, absoluzioaz gain— da konponbide bat bilatzea Kataluniaren auzian"

Hodei Iruretagoiena
Txio bat
Hau da fiskalak Omnium elkarteari egozten dion gauza larrienetakoa. Halaxe galdetu dio Moreno fiskalak: "Omniumek txio bat bota zuen lau kontseilaritzen aurrean protesta egitera deitzeko?". Txio baten gainean ari dira eztabaidan, matxinada delitua leporatzen dioten akusatu batekin. 17 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak.

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Irailaren 20a inflexio puntu bat izan zen"
"Ez baldin bagara gai irailaren 20a ondo kokatzeko, ez dugu ezer ulertuko. Irailaren 20an, inflexio puntu bat izan zen: atxiloketak, miaketak...". Egun hartan Espainiako Esatuak egindakoak ekarri ditu gogora: gobernuko kideen atxiloketak, instituzioak miatzea, 650 alkate ikerketapean jartzea, alkateak auzipetzea, CUPen egoitzako miatzea...
"Gizarte katalanarentzat, autogobernuaren kontzeptua, autonomia katalana berreskuratzea, Espainiako Konstituzioaren aurretikoa da. Irailaren 20an herriak bere instituizoiei eraso zietela sentitu zuten, eta erantzun egin zuten. Biolentziarik gabe".

Hodei Iruretagoiena
Cuixart: "Guk onartzen dugu urriaren 1ean izan genuen zeregina"
Oinarrizko eskubidea kriminalizatzeko asmoaren aurka ari da Cuixart, Omniumen erantzukizunari iskin egin gabe: "Omniumek beti erabiliko ditu oinarrizko eskubideak: mobilizatzekoa, adieraztekoa... [...] Guk onartzen dugu urriaren 1ean izan genuen zeregina, mobilizazio agente bezala".
Espainia aipatuta, eskubide horiek borroka eginez irabazi direla oroitarazi du Cuixartek: "Greba eskubidea, greba eginez irabazten da. Mobilizatzeko eskubidea, mobilizatuz. Botoa emateko eskubidea ere hala irabaziko dugu Katalunian, botoa emanez".

Hodei Iruretagoiena
Omnium Cultural elkartearen helburua da "demokrazia indartzea" dela azaldu du Cuixartek: "Katallunian, eta ahalko bagenu, mundu osoan". 'Crida per la democracia' kanpainari eta webguneari buruz ari zaio galdetzen fiskala: jakin nahi du ea handik dei egin ote zuten erreferendumera.
Azken urteetan kanpaina asko egin dituztela ekarri du gogora Cuixartek. "Eragiten saiatzeko gure era da diskurtsoa eratzea, kanpainak, ekitaldiak, mobilizazioak egitea".

Hodei Iruretagoiena
"Deitu tsunami, baina ez diogu uko egingo gizarte demokratikoagoak bilatzeari"
Tsunami demokratikora deitu zutela-eta, horri buruzko azalpenak eskatu dizkio fiskalak. Cuixart: "Tsunami demokratikoak esan nahi du hiritarrak demokraziaren alde ari direla borrokan, gizarte gero eta demokratikoagoak lortzeko [...] Niri leporatzea tsunami demokratiko bat egin nahi dudala... Bai: gizarte demokratikoagoak nahi ditugu".
Katalunian ere bazterkeria egoeran dagoen herritarren zenbatekoa handia dela ekarri du gogora, eta Espainiako Estatuak, esaterako, 20.000 lagun baino gehiago auzipetu dituela mozal legearekin: "Deitu tsunami, baina ez diogu uko egingo gizarte demokratikoagoak bilatzeari [...] Demokrazia defendatzen dugunean, Espainiako Estatuarentzat ere defendatzen dugu"


Hodei Iruretagoiena
"Galderak loturaz eta baieztapenez beteta daude"
"Arazo txiki bat dago. Galderak loturaz eta baieztapenez beteta daude", kexatu da Ciuxart, fiskalaren galderei erantzunez. Horiek atzera botatzen hasi da, eta Enfocats dokumentuari buruz galdetu dio fiskalak: "Kartzelan sartu arte ez nuen inoiz ikusi dokumentu hori".
Akusazioak dio etxe bateko miaketan aurkitu zutela dokumentu hori. Cuixartek gogora ekarri du Omnium elkartea hirutan miatu izan dutela; bat, Manuel Fraga Iribarne ministro frankistaren aginduz, eta beste bitan Pablo Llarena epailearen aginduz.

Hodei Iruretagoiena
Fiskala: Jaime Moreno
PPtik hurbilen dagoen fiskala da Jaime Moreno (Espainia, 1958). 1983an hasi zen fiskal lanetan, eta 2003an izendatu zuten Espainiako Auzitegi Goreneko fiskal. 2015etik dabil Zigor Sekzioan. Prozedura Aholkulari aritu zen PPren gobernuarentzat Kriminaleko Legea erreformatzeko. Lan egin zuen, besteak beste, Faisan auzian, M-11ko atentatuen auzian eta Francesc Homs Kataluniako Generalitateko bozeramaile ohiaren aurkakoan ere lan egin zuen. 2017ko udazkenean Katalunian gertatu zena "Espainiaren interes orokorraren kontrako atentatu larria" izan zela argudiatu zuen auzipetuak Gorenean epaitu behar direla argudiatzeko.

Jordi Cuixart
Omnium Culturaleko presidentea zen. Fiskaltzak 17 urteko espetxe zigorra eta 17 urteko inhabilitazioa eskatu ditu, matxinadagatik. Estatuaren Abokatutzak, berriz, 8 urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa, sedizioagatik.
Zer dio fiskaltzak? Omnium Cultural elkarte subiranista erabili zuela milaka pertsona mobilizatzeko, eta, masa horren bidez, Espainiako Poliziaren aginteari aurre egiteko U-1ean. "Hala erakutsi zuen, irailaren 20ko elkarretaratzeen lidertza hartuz".
Zer dio defentsak? Uste du "demokrazia" bera epaitu nahi dutela epaiketan, eta estatua akusatu du defentsako idazkian. "Espainiaren lurralde hautsezintasuna kosta ahala kosta babesteak ezin du ekarri oinarrizko eskubideen urraketa masiboa". 2017ko irailaren 20an gertatutakoari dagokionez, zehaztu du Cuixartek ez ziola kalterik egin Guardia Zibilaren ibilgailuari, eta, gainera, ez zuela inor hori egitera bultzatu.


Hodei Iruretagoiena
Jordi Ciuxart hasi da deklaratzen
Fiskaltza Kataluniako parlamentuan onartutako legeez galdetzen ari zaio Jordi Cuixarti. "Ni preso politikoa naiz, ez naiz politikari presoa", erantzun du Omnium elkarteko presidenteak, autodeterminazio eskubidea defendatuz: "Ez da informazio ematea saihesteko, baina ezin dut hitz egin parte hartu ez dudan zerbaiti buruz".

Hodei Iruretagoiena
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.