Hauteskundeak

Solidaria aurkeztu dute, "zentro ezkerreko" alderdi berria

PSE-EEko eta Ahal Dugu-ko kide ohiek eta independenteek osatzen dute, eta Espainiako Kongresurako eta Senaturako aurkeztuko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Solidaria alderdiaren aurkezpena, gaur, Bilbon. GOTZON HERMOSILLA
gotzon hermosilla
2019ko otsailaren 26a
14:40
Entzun

Solidaria alderdi berriko buruzagirik ezagunena Unai Ortuzar da, Lemoako (Bizkaia) PSE-EEko zinegotzia eta 2017an PSE-EEko primarioetan Idoia Mendiarekin lehiatu zena idazkari nagusi izateko. Francisco Alvarez Barral PSE-EEko Ezker Sozialista ildoko bozeramaile ohia, Rafael Vaquero Erandioko (Bizkaia) Ganemos Erandio plataformako zinegotzi ohia eta Javier Lopez Ahal Dugu-ko kide ohia ere badaude alderdi berrian, orain arte independente izandako lagun ugarirekin batera.

Esan dutenez, haien asmoa ez da PSE-EErekin edo Ahal Dugu-rekin lehiatzea, botoak abstentziotik ateratzea baizik. Euren proposamena "zentro ezkerrekotzat" jo dute, eta nazioartean euren erreferentzia Ianis Varufakis Greziako Finantza ministro ohiaren Europako Udaberria alderdia da.

Agenda politikoaren "ohiko gaien" inguruan iritzia badutela esan dute: nazio auziaz, esaterako, esan dute ez direla "alderdi nazionalista"; federalista eta internazionalistatzat aurkeztu dute euren burua, eta Kataluniarako galdeketa adostu eta legezko baten aldeko hautua egiten dute, baina nabarmendu dute beste gai batzuk ekarri nahi dituztela agenda politikoaren erdigunera: adibidez, mugikortasuna edo kalamuaren legeztatzea erabilpen terapeutikoetarako.

Datorren astean lehenengo batzarra egingo du Solidariak, eta han hautatuko dituzte hauteskunde zerrendak osatuko dituztenak. Ziurtzat eman dute Espainiako Kongresurako eta Senaturako zerrendak aurkeztuko dituztela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta esan dute kontaktuak dituztela Espainiako hainbat probintziatan han ere zerrendak aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.