Lan gatazkak

Lantegi Batuak-eko greba arrakastatsua izaten ari dela dio langile batzordeak

Ez dute erantzunaren inguruko zenbatekorik eman, baina gustura daudela esan dute. Erosteko ahalmena berreskuratzeko aukera emango dien lan itun bat negoziatu nahi dute zuzendaritzarekin.

jarraia163320.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko otsailaren 26a
13:53
Entzun

Abenduan egin zuten lehen greba eguna Lantegi Batuak-eko langileek, eta han izandako erantzunarekin gustura azaldu ziren beharginak, baina ez zuen balio izan zuzendaritzarekin negoziatu nahi duten lan itun berrian urrats berriak egiteko. “Azken proposamena urrikoa da, eta oso xuhurra dela esango nuke”. Luis Alvarez langile batzordeko presidenteak. Horregatik, atzo, gaur eta bihar greba egiten ari dira, eta jarraipenarekin gustura azaldu dira. “Arrakastatsua izaten ari da, eta gehiengo baten babesa jaso dugula esan dezakegu”. Ez du zenbatekorik eman, ordea.

Lantegi Batuak-ek 2.200 behargin inguru ditu, eta horientzako itun berri bat negoziatu nahi dute. Izan ere, azken sei urteetan izan dituzten bi hitzarmenetan erosteko ahalmena galdu dutela azaldu du Alvarezek. Lehen hiru urteetan soldatak izoztuta izan zituzten langileek, eta hurrengo hiruretan %1 igo zizkieten, “baina KPIaren araberako inolako loturarik gabe”.

Argia da zuzendaritzarekin mahaiaren bueltan esertzen direnerako duten proposamena: KPIaren araberako soldata igoerak, eta zenbateko lineal bat “orain arte galdutako erosahalmenaren zati bat berreskuratzeko”. Negoziazio mahaian eseri ezean, presio egiten jarraituko dutela esan du Alvarezek, eta martxorako beste hiru eguneko grebara deitu dute, eta larunbat honetan manifestazioa egingo dute Bilbon.

Bide horretatik aurrera egin ezean, erakundeetara ere joko dutela esan du. Izan ere, Lantegi Batuak enpresa pribatu bat izanda ere, “diru laguntza kopuru handia ematen diote erakundeek”. Horregatik, eurei ere eskatu die gatazka honetan esku har dezatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.