Futbola

Chelseak astebeteko soldata kenduko dio Kepa Arrizabalagari

Murizio Sarri entrenatzaileak zelaitik ateratzeko agindu zion Arrizabalagari joan den igandeko neurketan, Carabao Cup txapelketako finalean, penalti tanda hastear zela. Atezainak uko egin zion aginduari, eta zelaian gelditu zen.

Kepa Arrizabalaga Chelseako atezaina, Sarrik agindutako aldaketarengatik protestan, joan den igandean, Carabao Cup txapelketako finalean. NEIL HALL, EFE
2019ko otsailaren 26a
15:09
Entzun

Entrenatzaileak eta jokalariak, biek aitortu zuten gaizki-ulertu baten ondorio izan zela Carabao Cup txapelketako finalean izan zuten tentsio unea. Hala ere, taldeak Arrizabalagaren jokabidea zigortzea erabaki du eta atezain ondarrutarra soldatarik gabe utziko du astebetez, Sarriren aginduari men ez egiteagatik.

Chelsearen eta Manchester Cityren arteko partidan gertatu zen Sarriren eta Arrizabalagaren arteko tentsio unea. Golik gabe berdinduta iritsi ziren bi taldeak luzapenaren azken minutuetara eta penalti txanda hastear zegoen. Sarrik Arrizbalaga aldatzeko agindu zuen, baina atezainak ezetz erantzun zion, zelaian jarraituko zuela. Neurketaren ondoren azadu zutenez, atezaina min hartuta zegoela pentsatzen zuelako eskatu zuen aldaketa entrenatzaileak, eta minik ez zuela, jokatzen jarraitzeko moduan zegoela adierazi nahi izan zion jokalariak Sarriri.

"Kepak eta biok gertatutakoari buruz hitz egin dugu. Elkarrizketa ona izan da. Gaizki-ulertu bat izan genuen, baina akatsa egin zuela ulertu du. Barkamena eskatu dit, baita bere kideei eta taldeari ere. Klubaren esku dago neurriak hartu ala ez, baina niretzako gaindituta dagoen kontua da", adierazi zuen entrenatzaile italiarrak Chelsearen webguneari eginiko adierazpenetan.

Kepak jasoko ez duen astebeteko soldataren ditua Chelsearen fundaziora bideratuko du taldeak.

"Asko pentsatu dut igandean gertatutakoari buruz. Gaizki-ulertua izan zen arren, hausnartuta, akatsa egin nuen. Entrenatzaileari, Willyri [ordezko atezaina], taldekideei eta klubari barkamena eskatzeko tartea hartu nahi nuen. Zaleei ere barkamena eskatu nahi diet", adierazi du Arrizabalagak. "Gertatutakotik ikasi egingo dut eta klubak egoki deritzon edozein zigor onartuko dut", gaineratu zuen.

Cityren garaipenak (3-4) baino zer esan handiagoa eman du Athleticeko jokalari ohiaren eta Sarriren arteko tentsio uneak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.