euskal presoak

Baldintzapeko askatasuna eman diote Kepa Pikabeari

Langraiz bideko presoak ez du kartzelera joan beharko lo egitera. 1994an atxilotu zuten, ETArekin lotuta.

Kepa Pikabea, 2001ean, Madrilen, Frantziak Espainiaratu zuenean.
2019ko otsailaren 26a
17:46
Entzun

Kepa Pikabea euskal presoa (Langraiz bidea) aske geratuko da aurki, Espainiako Espetxeetako Instituzioek hirugarren gradua emanda baldintzapeko askatasuna proposatu eta Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak onartu ondoren, Vocento taldeko egunkariek dakartenez. Bigarren graduan zegoen Pikabea, Donostiako Martutene kartzelan, baina espetxe araudiko 100.2. artikuluarekin, eta, hala, eguna kalean igarotzen zuen, lanean. Orain ez du kartzelera joan beharko lo egitera, baina ezarriko diote kontrol neurriren bat. 

25 urte egin ditu preso Pikabeak (Lesaka, Nafarroa, 1955), eta hilabete gutxi falta zaizkio kondena amaitzeko. 1994an atxilotu zuten, Baionan, ETArekin lotuta. Parisko Auzitegi Korrekzionalak 1997an hamar urteko zigorra jarri zion. 2001ean Espainiaratu egin zuten.

ETAk 1997an Miguel Angel Blanco Ermuako (Bizkaia) PPko zinegotzia hil ondoren, borroka armatua auzitan jartzen hasi zen, beste euskal preso batzuekin batera. Langraiz bideari ekin zioten. ETAren biktimekin topaketak egin izan ditu Pikabeak ere.

Egun, harez gain, beste lau preso daude Langraiz bidekoak; denak ere egunez kalera ateratzeko baimenarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.