200 euskal sortzaile inguru izango dira aurtengo Loraldia jaialdian

Martxoaren 12tik apirilaren 7ra bitarte luzatuko da aurtengo edizioa. Euskal kulturako erreferenteak zein sortzaile gazteak jardungo dira Bilboko hamabi espaziotan, eta lau ekoizpen propio eta beste zenbait estreinaldi izango ditu bosgarrenak.

jarraia163325.jpg
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko otsailaren 26a
07:42
Entzun

“Loraldia festibala arriskua da, fusioa da, diziplina anitzekoa da. Kultura arlo guztiek bat egiten dute festibalean, elkarrekin egiten dute berba, sormen berritzaileak plazaratzen dira”. Ane Pikaza sortzaileak hala definitu du festibalaren arima. Izan ere, aurkezle lanetan ibili da gaur goizean Pikaza Bilboko tranbiaren barruan. Aldamenean izan du Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoa eta bien artean era berritzailean aurkeztu dute festibaleko egitaraua.

Sorreratik helburu bikoitza izan du festibalak eta horretan dihardu oraingoan ere: euskal kulturaren plaza izatea eta berorren transmisioaren alde lan egitea. “Gure kulturaren trasmisoaren begikatea da Loraldia”, azpimarratu du Pikazak. Horren erakusle izan nahi du aurtengo edizioak, erreferente kultural handien eta sortzaile gazte berrien topagune bihurtuta. Xabi Paia, Mikel Lertxundi, Olatz Beobide, Sustrai Colina, Itxaro Borda edo Katixa Agirre izango dira aurtengo Loraldian, besteak beste.

Kulturak dituen haina adierazpide dakartza jaialdiak. Udaberria martxan jarriz, solasaldia eskainiko du Iñigo Aranbarrik literatura oinarri hartuta. Joseba Sarrionaindiak idatzitakoak izango ditu hizpide Aranbarrik Lur bat idazteko: Pasiera Joseba Sarrionandiaren geografian hitzaldian. Ondotik helduko zaizkio dantza, musika, zein teatro ikuskizunak, besteak beste. Joseba Sarrionandiaren poema musikatuak Kalaportun, euskara batuaren historia dantza bilakaturik Aukeran konpainiaren eskutik eta Verdes Liburudenda Akorduan ikuskizuna aipatu ditu Agirrek. Ikus entzunezkoek zein bertsogintzak ere izango dute tokia. Iratxe Fresnedak Cold Lands – Lurralde hotzak film dokumentala aurkeztuko du apirilaren 4an eta Sustrai Colinak bertso emanaldia egingo du hurrengo egunean.

Jaialdia bukatzeko, ikuskizun berezia antolatu dute apirilaren 7an. Oraingoan, bost emakume egongo dira oholtzan. Itxaro Borda idazleak testu bat irakurriko du, Miren Amuriza eta Oihana Iguaran bertsolariek kantatzen duten bitartean eta Mursergo musikariak girotuko du ekitaldia. Amaia Agirre ibiliko da gai jartzaile lanetan.

Egonkortze aldia

Jaialdiari dimentsioa hartzeko zenbait datu eman dituzte antolatzaileek. Iazkoarekin alderatuz ikuskizun kopurua eta luzapena mantendu dituzte: 30 ikuskizun 22 egunetan. Plaza kopuruari dagokionez, aldiz, behera egin dute eta joan den edizioan hogei zirenak hamabi dira aurten. Eta azpimarratzekoa da sortzaile kopuruaren gorakada, laugarrenean baino 80 sortzaile gehiago izango dira Bilboko plazetan. Nolanahi ere, jaialdia egonkortzen ari denaren seinale. Hedatzen jarraitzeko asmoa iragarri du Agirrek: “Bilbon da Loraldia, baina Bilbotik Bizkaira, Bizkaitik Euskal Herrira eta Euskal Herritik mundura doa kultura”.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.