Sagardoaren Txapelketa

Kupelak eta erremonteak bat egiten dute txotx garaian

Gurutzeta sagardotegian aurkeztu da IX. Sagardoaren Txapelketa, eta bihar hasiko da zortzi bikotek osatzen duten txapelketarik zaporetsuena.

Gurutzeta sagardotegian aurkeztu zen txapelketa pilotari eta sagardogileekin. MAIALEN ANDRES
2019ko otsailaren 26a
22:54
Entzun

Sagardoaren Txapelketa aurkeztu dute, eta dagoeneko bederatzigarren edizioa du aurtengoa. Gurutzeta sagardotegian, hau da, pasa den urteko sagardotegi garailean bildu ziren zortzi bikoteak, zaporerik onena duen txapelketako protagonistak. 

Txotx garaiarekin batera etortzen da urtero txapelketa hori, eta, azkenengo urteetan bezala, zortzi bikotek hartuko dute parte, bakoitzak sagardotegi bat ordezkatuz. Txapelketa bihar hasiko da, Galarretan. Sagardotegi hauek dira bikoteak ordezkatuko dituztenak: Petritegi, Larre-Gain, Gurutzeta, Oialume Zar, Bereziartua, Altzueta, Gaztañaga eta Setien.

Bi taldetan banatuko dira, eta A taldean ariko dira; Segurola-Endika (Petritegi), Juanenea-Azpiroz (Larre Gain), Uterga-Labaka (Bereziartua) eta Urriza-Zaldua (Gaztañaga). B taldean berriz; Ezkurra II-Garces (Gurutzeta), Goikoetxea V-Barrenetxea IV (Oialume Zar), Etxarri-Ion (Altzueta) eta Ansa II-Agirrezabala (Setien) dira lau bikote eta sagardotegi ordezkatuak.

Pasa den urtean, Urriza eta Garcesek irabazi zuten txapelketa, Gurutzetaren izenean, eta aurten txapeldun berria egongo da. Formatua ohikoa da lehenengo fasean, baina aldatu egingo da bigarrengoan.

Bi taldeetako lehenengo bi sailkatuak finalerdietarako ligaxkara sailaktuko dira, eta ligaxka horretako lehenengo biek jokatuko dute finala. Puntuaketa ohikoa: garailearentzat, lau puntu; 36-39 tanto bitartean egiten dituenarentzat, bi; 32-35 artean eginez gero, bakarra; 26-31 tanto artean bat bera ere ez; eta 26 tanto baino gutxiago egiten badira, -1. 

Lehenengo fasea bihar hasiko dute Uterga-Labakak (Bereziartua) Juanenea-Azpiroz (Larre Gain) aurka, eta apirilaren 6an amaituko da. Bigarren fasea apirilaren 11n hasi eta 27an amaituko da, eta finala maiatzaren 4an jokatuko da, Galarretan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.