Euskal Herriko Itzulia

Erlojupeko etapa batekin hasiko da Itzulia

Apirilaren 8tik 13ra jokatuko dute. Zumarragan hasi eta bukatuko da lehen etapa, 11,3 kilometroko erlojupekoa; Antio igoko dute. Azken egunean, Eibarrera iritsiko da Kortazartik (5,2 km eta %8,5) eta Asensiotik (7,3 km eta %5,1).

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko otsailaren 27a
07:24
Entzun

Gaur aurkeztu dute aurtengo Euskal Herriko Itzulia, Zumarragan (Gipuzkoa), han hasiko baita aurtengo ekitaldia, apirilaren 8an. Hain zuzen, 11,3 kilometroko erlojupeko batekin hasiko da lehia. Zumarragan (Gipuzkoa) hasi eta bukatuko da, eta, bidean, Antiora igo beharko dute txirrindulariek —2,5 kilometro luze, batez beste %9,6ko pendiza, eta tartean %20tik gorako aldapak ditu—. Antolatzaileek, diseinu horrekin, lehen egunean tarteak ireki daitezela lortu nahi izan dute, eta proba hasieratik bizitu dadila. Amaiera, berriz, Eibarren izango du Itzuliak. Eibarrera iritsiko da Kortazartik (5,2 km eta %8,5) eta Asensiotik (7,3 km eta %5,1). Denera, 784,3 kilometro izango ditu Itzuliak, eta 22 mendate igo beharko dituzte txirrindulariek: lehen mailako bost, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako hamabost.

42 urte dira Euskal Herriko Itzulia erlojupeko batekin hasten ez zela. 1977an izan zen azkenekoz, eta Javier Elorriaga nagusitu zen Hondarribian (Gipuzkoa). 1976an ere hala izan zen. Azken urteetan, antolakuntzak erlojupekoa azken egunerako uzten zuen, baina, iaz, joera hori aldatu, eta laugarren egunera aurreratu zuen. Neurriak txirrindularien eta zaleen onespena zuela ikusita, aurten are gehiago aurreratu dute. 

Etapako berritasunak, baina, hor bukatuko dira, bide aski ezagunetan jokatuko baita. Zumarragan hasi eta bukatu da, eta Antio igoko dute hamabi kilometroko ibilbidean. Itzulia 2015ean pasatu zen azkenekoz Antiotik, eta 2011n ere han izan zen tropela. Bietan, Purito Rodriguez izan zen goitik pasatzen aurrenekoa. 

Bigarren egunean, Zumarragatik Gorraizera (Nafarroa) joango dira txirrindulariak. Hirugarren etapa, Sarrigurenen (Nafarroa) hasi, eta Estibalizko santutegian bukatuko da (Araba). Hurrengo egunean, Gasteiztik Arrigorriagara (Bizkaia) joango dira. Azken-aurreko etapak Arrigorriaga eta Arrateko gaina lotuko ditu, eta, esan bezala, azken etapa Eibarren hasi eta bukatuko da. Aurten ere ez da Ipar Euskal Herrian sartuko. 

Etapak:

1- Zumarraga - Zumarraga (Erlojuaren kontrakoa, 11,3 km)

2- Zumarraga - Gorraiz (149,5 km)

3- Sarriguren - Estibaliz (191,4 km)

4- Gasteiz - Arrigorriaga (164,1 km)

5- Arrigorriaga - Arrate (149, 8 km)

6- Eibar - Eibar (118,2 km)

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.