NBEn salaketa jarriko du Martxoak 3 elkarteak

Espainiako Estatuko bide judiziala agortu dute, eta Nazio Batuen Erakundera joko dute orain, gaur iragarri dutenez. Martxoaren 3ko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute, baita martxoaren 8ko grebara ere.

Gaur goizeko agerraldia, Gasteizen. MARTXOAK 3 ELKARTEA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 27a
07:41
Entzun

Igandean beteko dira 43 urte Martxoaren 3ko Gasteizko sarraskitik, eta, urteroko mobilizazioez gain, ekinbide berriak iragarri ditu gaur Martxoak 3 elkarteak. Berriki, Gasteizko Udalak persona non grata izendatu du Rodolfo Martin Villa ministro frankista ohia, eta abian da hura epai dezaten lortzeko kanpaina ere. Gaur iragarri dutenez, Martxoak 3 elkarteak NBE Nazio Batuen Erakundera eramango du 1976an gertatutakoa, han salaketa bat jarrita. NBEri dagokio estatuak Eskubide Zibil eta Politikoen Ituna betetzen ari ote diren bermatzea.

Martxoak 3 elkarteko kideek gaurko agerraldian azaldu dutenez, Gasteizko Udalak, Arabako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak jarritako kereila kriminalek agortu dituzte Espainiako Estatuko bide judizialak, Auzitegi Konstituzionalekoa barne. Horregatik erabaki du elkarteak NBEra jotzea orain. "Garaia da gizarte zibilak, beste behin, nazioarteko erakundeetan beharrezko salaketak bultzatzeko". Ohartarazi dute bide beretik jarraituko dutela Martxoaren 3ko kaltetuei dagozkien eskubide guztiak "benetan aitortu arte".

Udalaren izendapena, "garaipen handi bat"

Elkarteko kideen ustez, "garaipen handi bat da" Gasteizko Udalak Martin Villa ministro ohiaz onartutako izendapena "inpunitatearen aurkako borrokan" ari diren guztientzat: "Garaipen sinbolikoa da, Gasteizko herri osoaren konpromisoari eta elkartasunari esker lortutakoa".

Urteroko gisan, Martxoaren 3ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Bat egin dute, gainera, Martxoaren 8ko greba feministarekin eta Memoria Gara ekinbidearekin ere. Aurten, manifestazio nagusia 18:00etan aterako da Zaramaga auzoko Martxoaren 3ko plazatik, eta, aurrez, lore eskaintza egingo dute, 17:30ean. "Martxoak 3 gogoratzea eta salatzea da, baina baita garai hartan borrokatzera eraman gintuzten balioak defendatzea ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.