Gizartea

EAEko fiskalburuak esan du migratzaile adingabeentzako zentroak "gainezka" daudela

Esan du adingabeek egindako delituak, oro har, ugaritzen ari direla, eta Ertzaintzan unitate berezi bat eratu behar dela horiei erreparatzeko.

Zornotzako aterpeko hezitzaile bat, migratzaile adingabe talde batekin, artxiboko irudi batean. ALFREDO ALDAI / EFE
arantxa iraola
2019ko otsailaren 27a
07:42
Entzun

Eusko Legebiltzarrean mintzatu da gaur EAEko fiskalburua, Carmen Adan; EH Bilduk egindako eskari bati atxikita hitz egin du, urteko jardunbidearen berri emateko. Oro har, adingabeek egindako delituen gainean adierazi du kezka, eta esan du horri erantzuteko aparteko neurriak hartu behar direla.

Esan du maiz familia gertu ez duten adingabe migratzaileek egiten dituztela delitu horiek, eta horren atzeko zioa, hein handi batean, nerabe horientzako zentroetako egoera dela; "gainezka" daudela azaldu du, eta ezin zaiela eman behar bezalako artarik. "Ez dago haiekin lan egiteko programa egokirik, gazte gehiegi baitira horretarako". Onartu du, gainera, horren ondorioz zentro horietan "gatazkak" pizten direla. Hori da egoitzetako egoera, Adanen ustetan, eta, sarri askotan, nerabeon delituen kausa: izan ere, gazteen arteko erasoak izaten direla esan du, eta zentroak hondatzera ere egiten dutela.

Lehendik ere ohartarazi izan dute erakundeek zentro horietako egoeraren inguruan. Udazkenean, EAEko arartekoak adierazi zuen uda aurretik egoitza batzuetara bisitan joan zela, eta ondorio kezkagarria atera zuela: "gainezka" ikusi zituen, eta "baliabide gehiagoren" premian. Zentroetako langileek ere usu adierazi izan dute aski baliabide ez dutela egoerari aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.