Kataluniako prozesu subiranistari epaiketa

Rajoy: "Ezinezkoa da subiranotasun nazionala negoziatzea"

Espainiako presidente ohiak lekuko gisa deklaratu du Kataluniako prozesu subiranistaren kontrako epaiketan. Ziurtatu du urriaren 1eko galdeketa ez zela erreferenduma izan. Poliziak eta Guardia Zibilak herritarren kontra erabilitako indarkeriaren erantzule egin ditu Kataluniako agintariak. "Legea bete izan balute, ez zen halakorik gertatuko".

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 27a
07:13
Entzun

Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiak argi adierazi du ez zela inoiz prest agertu Espainiako subiranotasun nazionala eta batasuna "desegiteko". Hori dela eta, azaldu duenez, ez zuen sekula ere hitz egin Katalunian erreferendum bat egiteko aukeraz Kataluniako Gobernuarekin. "Espainiako herriak erabakitzen du Espainia zer den". Rajoyk gaineratu du Artur Mas eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiek ziurtasun osoarekin zekitela bere jarrera zein zen.

Espainiako presidente ohiaren esanetan, erreferenduma egin nahi izanez gero, Kataluniako agintariek Konstituzioaren erreforma bultzatu beharko zuten Kongresuan, eta, ondoren, Espainiako herritarren oniritzia jaso beharko lukete. Ez dago bestelako legezko biderik, haren iritziz.

Rajoyk gaineratu du erreferenduma egiteko proposamena Espainiako Gorteetan defendatzeko proposatu ziola Puigdemonti, baina hark uko egin ziola. "Ez nuen inoiz elkarrizketarik onartu subiranotasun nazionalari buruz". Aldiz, Masekin bestelako gaiak hizpide izan zituela adierazi du. Besteak beste, defizit publikoari aurre egiteko neurriak edo Kataluniarentzako itun fiskal bat adosteari buruzko elkarrizketak.

[youtube]https://youtu.be/w5TAF8ffsbE[/youtube]

Auzitegi Konstituzionalak urriaren 1eko erreferenduma debekatzeko agindua eman zuenez gero, Espainiako Gobernuak hura eragozteko neurriak hartu zituela azaldu du presidente ohiak. Horien artean aipatu du Generalitatearen kontuetan esku hartzeko erabakia eta Kataluniara milaka polizia eta guardia zibil bidali zituen operatiboa. Gobernuak zegokion eginkizunarekin bete zuela adierazi du Rajoyk. "Hauteskunde Batzordeak berretsi zuen urriaren 1ean ez zela erreferendumik izan". Erreferendumik izan ez bazen, hainbeste polizia eta guardia zibil zertarako bidali ziren galdetu dio Andreu Van den Eynde defentsa abokatuak. Rajoyk erantzun du berak ez duela inoiz polizia operatiboen gaineko erabakietan parte hartu, hori ez delako bere ardura.

Defentsaren eskariz, urriaren 1eko galdeketan segurtasun indarrek herritarren kontra erabili zuten indarkeriaren zenbait une jasotzen dituen bideoa ikusi dute Goreneko aretoan. Irudiak ikusi ondoren, Rajoyk Kataluniako Gobernuko agintariei leporatu die gertakari horien ardura. "Legea bete izan balute, ez zen halakorik gertatuko eta ez ginateke hemen egongo". Rajoyern esanetan, "gertatu zena aurreikus zitekeen. Ez da oso azkarra izan behar horretarako".

Erreferendumaren aurretik, Katalunian tentsio giroa zegoela ziurtatu du Rajoyk. Hainbat alkate eta hautetsi ez-independentistek "jazarpena" jasan zutela nabarmendu du. Defentsak galdetu dio indarkeria gertakari zehatzik gogoratzen al duen. Ezin izan du gertakaririk zehaztu. Irailaren 20tik urriaren 1era bitartean egin zituen adierazpenetan indarkeria ez zuela aipatu gogorarazi dio defentsak presidente ohiari.

[youtube]https://youtu.be/EZN0XhPHrwY[/youtube]

Rajoyk aitortu du urriaren 1eko erreferendumaren ondoren, eta Puigdemontek independentzia adierazpena egin aurretik, "jende askok" hitz egin nahi izan zuela berarekin. "Pentsatzen dut besteekin ere hitz egingo zutela". Espainiako presidente ohiak azaldu du bere jarrerari eutsi ziola, ezin zuelako "ordena konstituzionala likidatu". Alde bien arteko jarrerak hurbildu nahian aritu ziren horien artean, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ba ote zen galdetu diote. Rajoyk baietz erantzun du. Presidente ohiak berarekin zuzenean hitz egin al zuen galdetuta, baina, ez du erantzun argirik eman nahi izan. Haren esanetan, ez da gogoratzen. Gaineratu du Andoni Ortuzar EAJko presidentea ere aritu zela berarekin hitz egin nahian. Gorenaren aurreikuspenen arabera, bihar deklaratuko du Urkulluk lekuko gisa.

Espainiako presidente ohiak nabarmendu du, independentzia adierazpenaren ostean, bi aldiz eskatu ziola Puigdemonti Kataluniaren independentzia deklaratu zuen ala ez argitzeko. Rajoyren arabera, Puigdemontek ez zion eskaerari erantzun argia eman, eta ez zuen "erabaki okerra" zuzentzeko aukera baliatu. Horrenbestez, "salbuespenezko" egoerak Konstituzioaren 155. artikulua ezartzea eskatzen zuela defendatu du.

Erreferendumaren finantzaketa

Erreferendumaren finantzaketari dagokionez, Espainiako Gobernuak hainbat neurri hartu zituen Generalitatearen diru sailik helburu horretara ez zela bideratuko bermatze aldera. Hala ere, bi ñabardura egin ditu. Batetik, Espainiako Ogasunak bederatzi aldiz ohartarazi zituela Fiskaltza edo Kontu Auzitegia legez kanpokoak izan zitezkeen gastuen berri emateko. Bestetik, ezin dela baztertu Kataluniako Gobernuak diru sail batzuetan iruzurra egin izana.

RAjoyren ondoren, bide beretik egin du Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak ere. Presidente ohiak bezala, lekuko gisa deklaratu du Auzitegi Gorenean. Montorok ziurtatu du Madrilek Kataluniako Gobernuaren kontuen gaineko kontrol "zorrotza" ezarri zuela 2016 eta 2017 urteetan. Ez du baztertu, ordea, Generalitateak kontrol horri izkin egin eta kontu azterketa iruzurti bat aurkeztu izanaren aukera. Hitz horiekin, ñabardura egin die 2018ko apirilean elkarrizketa batean egin zituen adierazpenei. Orduan esan zuen ez zekiela zein dirurekin ordaindu ziren erreferendumerako hautetsontziak eta Puigdemonten erbesteko gastuak, baina ziurtzat jo zuen ez zela diru publikotik "euro bakar bat ere erabili".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.