Ikurrak

Pilota federazioak zigorra kendu dio Bixintxo Bilbaori

Munduko Pilota Txapelketan ikurrina erakusteagatik urtebeteko zigorra jarri zioten pilotariari, baina nazioarteko federazioko presidenteak bertan behera utzi du.

jarraia163403.jpg
Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 28a
15:58
Entzun

Hautsak harrotu zituen Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordeak Bixintxo Bilbao (Ziburu, Lapurdi, 1991) pilotariari jarritako zigorrak. Munduko Pilota Txapelketan ikurrina erakusteagatik, urtebetez lehiaketatik kanpo uztea erabaki zuten, baina atzera egin du orain nazioarteko federazioak, France Bleu irratiak jakinarazi duenez.

Xabier Cazaubon presidenteak sinatutako gutun baten bidez jakinarazi dute erabakia —gazteleraz—. "Nazioarteko Pilota Federazioko estatutu eta arauek ematen didaten eskumenaz baliatuz, Frantziako taldeko jokalari Bixintxo Bilbaori jarritako zigorra berehala bertan behera uzteko erabakia hartu dut, nazioarteko federazioko lehiaketetan parte hartzeko eskubidea itzuliz".

"Erabaki pertsonala" izan dela azaldu du, baina eskerrak eman dizkie Julian Garcia Angulo Espainiako Pilota Federazioko presidenteari eta Juan Carlos Soto Euskal Kirol Federazioen Batasuneko aholkulari juridikoari. Era berean, esan du aintzat hartzen duela nazioarteko federazioko diziplina batzordeak egindako lana —batzorde horrek jarri zion zigorra Bilbaori—. Azkenik, azken egunetan jasotako "berbazko eta idatzizko mehatxuak" gaitzetsi ditu Cazaubonek.

2018ko urriaren 20an atera zuen ikurrina Bilbaok, Bartzelonako Vall d’Hebron pilotalekuan. Munduko Txapelketako binakako trinketeko finala amaitu berri zen. Frantziako selekzioak irabazi zuen urrezko domina, Bixintxo Bilbao, Mathieu Ospital, Peio Gixandut eta Peio Larralde taldeko kideek —euskal herritarrak dira guztiak—. Denak igo ziren podiumeko koska gorenera, eta Bilbaok ikurrina atera zuen orduan.

Pilotariak BERRIAri azaldu zionez, "batzuek gordea duten gorrotoa" azaleratu zuen zigorrak. Bertan behera utzi dute azkenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.