Analisia

Rajoyren amnesia eta Urkulluren "bermerik eza"

jon olano
2019ko otsailaren 28a
07:22
Entzun

Kataluniako prozesu subiranistaren inguruan Madrilen eta Bartzelonaren artean eginiko bitartekaritza lanaz azalpenak eman ditu IƱigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur, buruzagi independentisten aurkako epaiketan. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburu ohiak deklaratu eta ordu gutxira mintzatu da Urkullu. Aski ezberdinak izan dira bi lekukotasunak.

Batetik, kontraste handia egon delako Rajoyren "amnesiaren" eta Urkulluren zehaztasunaren artean. Prozedura Kriminalaren Legeak zehazten duenez, lekukoak derrigortuta daude egia esatera, eta zalantzagarria da Rajoyk hala egin ote zuen. Izan ere, Espainiako gobernuburu ohiak atzo aitortu zuen Urkullurekin hitz egin zuela, baina ez zen gai izan ziurtatzeko harekin pertsonalki batzartu zen edo ez: "Zaila egiten zait gogoratzea pertsonalki edo mezu bidez hitz egin ote nuen". Urkullu zehatzago aritu da: aurrez aurre egon zen Rajoyrekin, 2017ko uztailaren 19an.

Urkulluren deklarazioaren beste gakoetako bat zein izan zen bere jokabidea Rajoyrekin eta zein Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentearekin; eta kontrara, zein izan zen bi horien jarrera Urkullurekiko. Lehendakariaren bi hitzek adierazten dute jokamoldeen arteko aldea: Puigdemontek "harrera ona" egiten zien Urkulluren planteamenduei, eta Rajoy "uzkur" ageri zen "negoziazio gisa uler zitekeen pauso oro emateko". Hainbat sektoretatik Puigdemont jo izan dute erruduntzat urriaren 27an hauteskundeak baztertu eta independentzia deklarazioa aurrera eramateagatik, baina Urkulluk baieztatu du zer egon zen Puigdemonten erabaki horren atzean: ezin izan zion "bermerik" eskaini 155. artikulua ezarriko ez zela ziurtatzeko.

Eta erdibidean, mamia. Rajoyk atzo esan zuen, eta Urkulluk gaur berretsi: Jaurlaritzako lehendakariak "inola ere" ez zuen mahai gainean jarri autodeterminazioa edo erreferendum bat egiteko aukera. Kataluniako herritarren %80 inguruk gatazkaren muina konpontzeko tresnatzat dutena, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.