Hiri hondakinen behatoki bat sortzeko eskatu dute

Hobeki elkarteko hamar udaletako ordezkariek kritikatu dute euskal erakundeek ez dituztela betetzen Europako Batasunak ezarritako helburuak.

Hobekiko kideak, iazko ekainean, elkartea aurkeztu zutenean. BERRIA
jokin sagarzazu
2019ko otsailaren 28a
15:39
Entzun

Hego Euskal Herriko erakundeek hondakinen kudeaketaren alorrean Europa zehaztutako helburuak oro har zergatik ez dituzten betetzen ondorioztatu du Hobeki elkarteak. Batetik, dio errefusarekin batera material birziklagarri asko jasotzen dutela oraindik, eta, gainera, errefusa murrizteko politika zehatzak "zeharka" baino ez dituztela aipatzen euren plan estrategikoetan. Bestetik, material organikoa ez dela modu "bereizi eta egokian kudeatzen" salatu du.

Horren harira, adierazi du soilik Gipuzkoan eta Nafarroan egin dela hondakin organikoen kudeaketa egokia bultzatzeko hautua. Araban eta Bizkaian 6,4 eta 5,8 kilo hondakin organiko jaso dituztela biztanleko urtean; Gipuzkoan eta Nafarroan, berriz, 65,6 eta 37,5 kilo, hurrenez hurren.

Errefusarekin batera botatzen diren hondakin berreskuragarrien portzentajea, berriz, bilketa sistemaren arabera aztertu du Hobekik, 2016ko datuetan oinarrituta. Hala, atez ateko sistema duten herrietan %63 dela dio; bosgarren edukiontzi txarteldunarekin, %68; bosgarren edukiontziarekin, %73; eta laugarren edukiontziarekin, %84.

"Nafarroak beteko lituzke"

Azterketa hori egin dute euskal erakundeek zabaltzen dituzten datuetan oinarrituta. Elkarteak ondorioztatu duenez, soilik Nafarroak "beteko lituzke" Europak Batasunak datorren urterako eta hurrengoetarako ezarritako helburuak. Besteak beste, 2020rako hiri hondakinen %50 birziklatzeko eta berrerabiltzeko egoeran egotea —atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak esan zuen jada betea duela hori—,

Hobeki-k, dena den, kritikatu du Araba eta Gipuzkoako aldundiek "egun tramitatzen ari diren planek" helburu horiek betetzeko estrategiak jasoagatik neurri horiek ez dutela "zehaztasun handirik". Eta Bizkaiak "plan baten beharra" duela nabarmendu du, "zaharkitua luzatuz ari baita". Ipar Euskal Herriko daturik ez dute jaso azterketan, Akitania Berriko eskualdekoetatik bereizteko zailtasunak argudiatuta. Elkartearen arabera, "ezinbestekoa" da Euskal Herri mailako hondakinen behatoki bat sortzea, "datuak modu bateratuan emateko".

Hobeki-ko kideek Larrabetzuko Udalean (Bizkaia) egin dute agerraldia. Elkartea iazko ekainean aurkeztu zuten, eta honako hamar udal hauek osatzen dute: Bizkaiko Larrabetzu eta Berriatua; Gipuzkoako Berastegi, Hernani, Leintz-Gatzaga, Oiartzun, Segura, Usurbil eta Zaldibia; eta Arabako Donemiliaga. Elkartea sortu zuten "hondakinen kudeaketa arduratsu eta iraunkorraren alde" egiteko. Lan horretan, besteak beste, osasunaren eta ingurumenaren zaintza lehenetsi beharra azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.