ustelkeria

Ustelkeria ikertzeko baliabideak ugaritzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk testu bat adostu dute, Ertzaintzak "giza baliabide eta material" gehiago jar ditzala eskatzeko.

Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura. EUSKO LEGEBILTZARRA
jon olano
2019ko otsailaren 28a
16:02
Entzun

Jatorrizko testua EH Bilduk aurkeztu zuen, eta han jasotzen zen ustelkeriaren aurkako fiskaltza bat sortzeko eskaria. Aldiz, Espainiako Aldizkari Ofizialean joan den asteartean argitaratu zen Jose Manuel Ortiz Marquezen izendapena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan delitu ekonomikoak ikertzeko fiskal gisa, eta, hori ikusirik, mozioa erretiratu eta beste proposamen batzuk aurkeztea hobetsi zuen koalizio subiranistak.

Hori horrela, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio "lehenbailehen" ugaritu ditzala giza baliabideak eta materialak ustelkeria delituak ikertzeko, eta, zehatzago, lan horretan aritu behar duten eta "formakuntza eta kualifikazio zehatzak" dituzten polizia gehiago bideratzeko zeregin horretara. Era berean, administrazio publikoei eskatu die kolaborazio ahalik eta "osoena eta azkarrena" emateko fiskaltzari, epaitegiei eta auzitegiei, informazio "ahalik eta osoena" helarazteko.

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk babestu dute testua, eta kontra bozkatu dute EAJk eta PSE-EEk, haren "formak eta funtsa" kritikatuta. Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, proposamenean jaso nahi izan dituzte Carmen Adan Euskal Autonomia Erkidegoko fiskalburuaren eskakizunak, eta EAJren "koherentzia falta" salatu du.

EAJko legebiltzarkide Joseba Zorrillari, berriz, "harrigarria" iruditu zaio egitasmoarekin gertatutakoa, uste baitu hura babestu dutenen asmoa "onura politikoak lortzea" dela, "haizagailua jarrita eta ustezko ustelkeria kasuak haizatuta": "Zuei berdin dizue fiskalaren izendapenak, interesatzen zaizuena baita zuen diskurtsoa egitea eztabaida politikoa lokazteko".

Cristina Makazaga Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, berriz, salatu du Euskal Autonomia Erkidegoak ez duela izanĀ  "bitarteko materialik" ustelkeria kasuak ikertzeko, eta zalantzan jarri du aurrerantzean izango duen ere. PSE-EEko Alexia Castelo "harrituta eta deseroso" azaldu da EH Bilduk eztabaida mantendu duelako: "Irudipena" dauka fiskalen "beharrak" ez direla parlamentura eramandako testuaren leitmotiva".

PPko Javier Ruiz de Arbulok ere kritika egin dio EH BIlduri, testua "azken unean" aldatzeagatik, baina babestu egin du "zentzu komuneko kontuak" jasotzen dituelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.