Euskal presoak

Aske geratu da German Urizar de Paz euskal presoa, 28 urteren ondoren

Algecirasko kartzelan zegoen, Euskal Herritik mila kilometro pasara.

German Urizar —argazkian, ezkerretik hirugarrena—, gaur, Algecirasen, libre geratu ostean. ETXERAT
2019ko otsailaren 28a
17:49
Entzun

German Urizar de Paz euskal presoa Algecirasko (Andaluzia, Espainia) kartzelatik atera da gaur goiz partean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Ia 28 urte egin ditu espetxean. 1991ko ekainean atxilotu zuten, Barakaldon (Bizkaia), ETArekin lotuta. 24 urte zeuzkan orduan. Bilbokoa da, Alde Zaharrekoa.

Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta, Euskal Herritik 1.045 kilometrora zegoen preso, auzi horretan urrutien dagoen kartzelan, eta lehen graduan. Gaur egun, beste bost euskal preso dauzkate han: Mikel Arrieta, Gorka Loran, Jon Igor Solana, Eide Perez eta Unai Fano —Espainiako Espetxeetako Instituzioek aurreko astean iragarri zuten Soriara gerturatuko dutela Fano—.

Estatuan dauden euskal presoetatik ia 80 Andaluziako erkidegoan dira —heren bat—, 750-1.100 kilometrora. Urizar sekula ez da izan 500 kilometrora baino gutxiagora dagoen espetxe batean. Aurretik, Carabanchelen, Valdemoron eta Almerian egon zen.

Ezker abertzalearen Kalera aldizkariaren azken zenbakiaren arabera —asteon zabaldu du—, 50 euskal preso pasatxok hogei urte baino gehiago daramatzate espetxean, eta horietatik hamahiruk, 25 urte baino gehiago. Bestalde, presoen erdiek baino gehiagok hamabost urtetik gora daramatzate. Bigarren graduan jarri, eta haientzat ere irteera baimenak ahalbidetzeko eskatu du berriro ezker abertzaleak, Zaballako (Araba) edo Iruñeko kartzeletara ekartzeaz gain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.