Hilberria

Xabier Arzalluz EAJko buruzagi historikoa hil da

EAJk sare sozialetan jakinarazi duenez, gaur hil da, 86 urte zituela. Euskal politikaren buruzagi garrantzitsuenetako bat izan da. EAJko buru izan zen 1980 eta 1984 artean, eta 1986tik 2004ra. EAJren krisirik larriena bizitzea egokitu zitzaion: zatiketa eta Eusko Alkartasunaren sorrera. Arzalluzen gidaritzapean, EAJk Ajuriaeneko Ituna eta Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zituen.

Xabier Arzalluz, berari buruzko dokumentalaren aurkezpenean. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko otsailaren 28a
07:02
Entzun

Xabier Arzalluz Antia Azkoitian jaio zen (1932ko abuztuaren 24a), eta euskal politikagintzako pertsonarik ezagunenetakoa izan da. EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidentea izan zen 1980tik 1984ra eta 1986tik 2004ra. Hileta elizkizuna larunbatean izango da, 19:00etan, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian (Gipuzkoa). EAJk eman du heriotzaren berri, arratsaldean:

EAJren eta abertzaletasunaren azken hamarkadetako buruzagi esanguratsuenetakoa izan da Arzalluz. Urteak ziren erretiroa hartua zuela, baina haren itzal luzeak bizirik jarraitzen zuen oraindik ere. Berak markatu zuen EAJren ibilbidea urte askoan, eta alderdiaren garai kritikoenetako bat zuzendu zuen, EAren bereizketa. Karisma handiko buruzagia izan zen. Ika-mikak izan zituen bai Espainiako politikariekin eta bai ezker abertzalearekin, eta haren esanek behin baino gehiagotan harrotu zituzten hautsak han eta hemen.

Arzalluzek eginkizun garrantzitsua bete zuen Espainiako trantsizioan, eta Gernikako Estatutuaren negoziazioan eta garapenean. EAJren alderdi krisirik larriena bizi izan zuen, bestalde, EAJko hainbat kidek alderdia utzi eta Eusko Alkartasuna sortzea erabaki zutenean. Euskal gatazkak ere zeharkatu zion ibilbide politikoa.

EAJko presidente izan aurretik, frankismoaren azken urteetan eta Franco diktadorea hil ondorengo hilabeteetan parte hartu zuen Espainiako Gobernuko kideekin hainbat bileratan. 1977an, Espainiako Kongresurako diputatu aukeratu zuten, Gipuzkoan; EAJren zerrendaburua izan zen herrialde horretan.

1978an, Konstituzioaren aurreproiektuari zuzenketak aurkezteko EAJren taldeko kide izan zen, Juan Ajuriaguerra, Carlos Garaikoetxea, Marcos Bizkaia, Juan Jose Pujana eta Pedro Soduperekin batera, Espainiako Kongresuan. Espainiako Konstituzioan foru lurraldeen eskubide historikoak jasotzen dituen puntua onartzea lortu zuten.

1979tik aurrera, Gernikako Estatutuari buruzko negoziazioetan parte hartu zuen, Carlos Garaikoetxea, Emilio Gebara, Jose Luis Cuerda eta Juan Mari Ollorarekin batera.

Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari aukeratu zuten 1980an, eta Arzalluzek alderdiaren gidaritza hartu zuen urte berean.

Alderdiko presidentetzaren lehen urteetan, ETArekin harremana izan zuten hainbat batzordetako kide izan zen.

Garai hartan piztu zen EAJk izan duen alderdi krisirik larriena. Lurralde Historikoen Legeari buruzko eztabaida zela eta —Garaikoetxea lehendakariak Eusko Jaurlaritza indartu nahi zuen, lurralde historikoen boterearen kaltetan—, haustura izan zen alderdian. Ezin ulertu horren ondorioz, Eusko Alkartasuna sortzea erabaki zuten Garaikoetxeak eta haren aldekoek. 1986an sortu zen EA.

Eztabaida giro horretan, Arzalluzek etena egin zuen alderdiaren gidaritzan. 1984an EBBko presidentetza utzi zuen, Cambridgen (Erresuma Batua) ingelesa ikasteko.

1980ko hamarkadako erdialdean, harremanak landu zituen Espainiako agintari nagusiekin. Bilerak izan zituen Juan Carlos Borboikoa Espainiako orduko erregearekin, Felipe Gonzalez Espainiako orduko presidentearekin eta Alfonso Guerra presidenteordearekin. Baita Alemaniako eta AEBetako enbaxadoreekin ere. Nagusiki, Espainia Merkatu Batasunean eta NATOn sartzeari buruz jardun zuten.

1986an izendatu zuten berriro ere EAJko buru. EAren bereizketak kalte egin zion alderdiari, eta EAJk akordioak bilatu behar izan zituen Eusko Legebiltzarrean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gobernartzen jarraitzeko. PSErekin bultzatu zuen akordioak bide eman zion hurrengo urteetako gobernu lankidetzari, Jose Antono Ardantza lehendakariaren gidaritzapean.

Arzalluzek PSErekin adostutako Ajuriaeneko Ituna sinatu zuen, 1988an, EAJren izenean. Ituna normalizazioa eta bakea lortzeko urrats gisa aurkeztu zuten, eta ezker abertzalea politikoki zokoratzea ekarri zuen.

PSErekin ez ezik, PPrekin ere egin zuen akordiorik Arzalluzek. 1996an, Jose Maria Aznarrek irabazi zituen hauteskundeak Espainian. EAJk egonkortasuna eman zion PPren gobernuari, eta Gernikako Estatutuan jasotako hainbat eskumen jaso zituen Jaurlaritzak urte haietan, babes horren truke.

1997ko uztailean, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil ondoren, goia jo zuen Ajuriaeneko Itunaren moldeak, eta 1998rako amaitutzat eman zen haren bidea. Beste aldi baten hasiera izan zen euskal politikan, eta baldintza berrien ondorio izan zen Lizarra-Garaziko Akordioa, EAJren, EAren eta ezker abertzalearen artean, 1998ko irailean.

Urte hartan bertan, Arzalluzek estatu plurinazionalaren aldeko adierazpena sinatu zuen BNGko eta CiUko ordezkariekin batera, Bartzelonako Ituna izena hartu zuena.

2004an utzi zuen EAJko gidartitza, eta, 2005ean bere oroitzapenei buruzko liburua argitaratu zuen, Así fue izenburupean (Hala izan zen).

Arzalluzen ibilbide politikoa laburbiltzen duen dokumentala aurkeztu zuten iazko martxoan, Donostian. EAJko buruzagi ohia ahoan bilorik gabe mintzatu zen orduan, Euskal Herriaren azken 50 urteetako hainbat gertaerez eta politikaren esparru ugariz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.