Ekialde Hurbila

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa auzipetu egin dute eroskeria leporatuta

Gobernuburu bat inputatu duten lehenbiziko aldia da herrialdean. Apirilaren 9an hauteskunde orokorrak egitekoak dituzte, eta Netanyahu berriz aurkeztekoa da.

Benjamin Netanyahu, joan den igandean, Jerusalemen. ABIR SULTAN/POOL/EFE
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 28a
07:50
Entzun

Hainbat hedabidek bezperan aitzinatu bezala, Avichai Mandelblit fiskal nagusiak Netanyahuren aurkako karguak aurkeztu ditu gaur arratsaldean, eta sekulako ekaitz politikoa eragin du Israelen, hauteskundeetarako sei aste baino gutxiago falta direnean. Mandelblitek hiru kasu ezberdinetan inputatu du lehen ministroa, eta epailearen aitzinetik igaro beharko du.  

Netanyahuren Likud alderdiak Auzitegi Gorenari eskatua zion Mandelbliten jakinarazpena hauteskundeen ondorengo egunen batera gibelatzeko, baina auzitegiak ez du onartu. Argitaratu diren azken inkesten arabera, Likud da hauteskundeak irabazteko faboritoa berriz ere, baina haren babesa higatzen ari da. Gainera, lehiakide berri bat agertu zaio Netanyahuri, Benny Gantz armadaren estatu nagusiko buruzagi ohia (2010-2015). Gantzek aliantza bat egin du Yair Lapidekin, Knesset-eko (parlamentuko) laugarren indarreko buruarekin —Yesh Atid alderdia (Badago Etorkizuna)—. Netanyahuren eskuin eta eskuin muturreko koalizio zabalaren aldean alternatiba aurrerakoiagoa irudikatu nahi dute Gantzek eta Lapidek.

Eskupekoak eta irudi ona hedabideetan

Mandelblitek hiru kasutan inputatu du Netanyahu. Lehenbizikoan, 1.000 Auzian, lehen ministroari eta haren familiari leporatzen die zenbait aberatsen eskupekoak onartu izana mesedeen truke; bigarrenean, 2.000 Auzian, lehen ministroari leporatzen dio Yedioth Ahronot egunkariari proposatu izana lehen ministroaren irudi positiboa emanez gero, Israel Hayom egunkari etsaiaren aurkako legeak bultzatuko zituela; eta, hirugarrenean, 4.000 Auzian, fiskalak lehen ministroari egozten dio Bezeq telekomunikazio enpresarekin tratu bat egin izana konpainia horri onurak emateko Walla! webgunean Netanyahuren irudi on bat zabaltzearen truke.

2017ko urtarrilean argitaratu ziren Netanyahuren aurkako akusazioen inguruko lehenbiziko berriak. Ordutik Poliziak hainbat aldiz galdekatu du lehen ministroa. Lehenbiziko agintaldia 1996-1999 artean egin zuen, eta 2009tik jarraian egon da agintean. Azken hauteskundeak 2015ean irabazi zituen, eta eskuin muturreko sei alderdirekin osatu zuen gobernua.

Netanyahu da karguan dagoen bitartean inputazio bat jasan duen Israelgo lehenbiziko gobernuburua. Ehud Olmertek ikerketapean zegoela eman zuen dimisioa 2008an, haren aurkako karguak aurkeztu aitzinetik. 2015ean zigortu zuten iruzurra, konfiantza haustea eta zerga iruzurra leporatuta, eta 2017ko uztailera arte eduki zuten espetxean. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.